Bihar, ostirala, hasiko dira Errenteria-Oreretan
Artista Liburu eta Arte Koadernaketa Topaketak, Merkatuzarren. Bi asteburuetan, herritarrek eta ingurutik datozenek aukera izango dute mundu hori ezagutu eta bertan murgiltzeko. Irekiak, doakoak eta aurretik ezagutzarik eskatzen ez duten tailerrak egingo dituzte. Horietako batzuk Eluska Kortajarena (Donostia, 1975) topaketa antolatu duen Arteliburu21 taldeko kideak emango ditu.
Zeri deitzen zaio artista liburua eta zeri koadernaketa?
Artista liburua XX. mendeko arte garaikidearen barruko diziplina bat da, berria. Arte adierazpen plastikoetako bat da, eta arte lan bat da bere horretan. Forma eta eduki ugari garatzeko gai da, eta sortze lan artistiko bat denez, ez du zertan egungo liburuaren egungo mugak aintzat hartu behar. Gainera, edozein diziplina artistiko erabil dezake edo denak elkartuta. Ohiko liburutik harago joan daiteke.
Koadernaketa, berriz, liburuaren edukiari lotzen zaion arte lana. Liburua babestu eta artikulatu egiten du. Hasieratik bukaerara irizpide artistikoei jarraituz garatzen da. Sortze lan bat da, bere alderdi guztietan: diseinu eta adierazpen plastikoan, materialen hautaketan eta lan teknikoan. Ohiko liburua babestu eta itxura artistiko bat emateko balio du.
Gurean jarraitzaile asko al ditu?
Nik arte koadernaketaren mundua orain dela oso gutxi hasi naiz ezagutzen. Nik gehiago ezagutzen nuen artista liburuaren mundua. Arte koadernaketak jarraitzaile asko dituela iruditzen zait, ez delako horren zabala: teknika konkretu batzuk ditu, horiek ikasten dituzu, eta hortik garatzen duzu zure kreatibitatea; itxiagoa denez, eskurago dago. Hala ere, geroz eta profesional gutxiago dago arte koadernaketan, eta hori galtzen ari denez pixka bat, geroz eta jende gutxiago egongo da ezagutzen duena. Baina jarraitzaileak baditu.
Artista liburuak bere jarraitzaileak baditu, baina askoz ezezagunagoa da. Hala ere, ez dut uste artista libururik egin ez duen artistarik dagoenik; era batean edo bestean egin dute: bai beraien bidaia koadernoa dela edo eskultura liburu bat edo daukana gustuko duen liburu bat eta erabat eraldatzen duena… Arte garaikidearen munduan sartuta dagoen jendeari ezagunagoa egiten zaio, baina hortik kanpo dagoen jendeak informazio gutxi edukitzen du horretaz. Euskal Herrian gai horri buruzko erakusketak oso gutxi izaten dira.
Bihar hasiko diren topaketa horiek diziplina horiek ezagutarazteko baliatuko dituzue?
Hori da ideia. Batetik da gaian murgilduta dagoen jendea topagune bat lortzea, eta beste alde batetik, gai hauek ezagunak ez dituen jendeari euren mundua irekitzea. Diziplina erakutsi eta ikastea.
Hainbat tailer izango dira, eta “bereziak” izango direla aurreratu duzue.
Bereziak alde guztietatik. Liburuaren arte eta ofizioetan erabiltzen diren tailerrak dira berez, baina mota guztietako tailerrak egongo dira. Azken finean, artista liburuan edozein diziplina sar daiteke: pintura, argazkilaritza, eskultura, marrazkia, idazkera… Tailer hauetan gauza horiek azalduko dituzte.
Edonork parte har dezake?
Edozeinek, eta haurrentzako tailerrak ere badaude. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun beraiek ere txikitatik hastea. Gainera, irekia izango da, eta ez da ezer ordaindu behar.
Zer nabarmenduko zenuke programatik?
Tailer guztiak dira interesgarri eta garrantzitsua. Kontua da haurrekin pasatuko dudala asteburu guztia, eta ezingo dudala tailerretan parte hartu. Diziplina ezberdinak dira, eta bakoitzak bere erakargarritasuna izango du. Hori bai, mahai ingurua berezia izango da, apirilaren 5ean (larunbata).
Aurretik izena eman behar da edo material zehatzen bat eraman behar da?
Ez da izenik eman behar. Haurrei eskatzen diegu arropa zaharra edo zikindu daitekeena, objekturen bat eraman nahi badute ere eraman dezakete.