
Atzoko plenoa
Bi mozio landu zituzten atzo ilunabarreko plenoan, laikotasunari buruzkoa bata eta SOS Arrazakeriak aurkeztutakoa bestea. Biak ala biak aho batez onartu zituzten EH Bildu, EAJ eta H1en botoekin.
Laikotasuna Gipuzkoa Elkarteak aurkeztu zuen lehen mozioa eta elkarteak eskatzen zuena zen Eliza katolikoari IBIa kobratzea dituen ondasunengatik eta eskaera hori Gipuzkoako Batzar Nagusietara helaraztea. Mozioa aurkeztuta, Miren Irigoien gobernu taldeko kideak hartu zuen hitza eta Elizak herentziaz jaso dituen “pribilegioekin” bukatzeko garaia dela nabarmendu zuen. EAJko Mikel Mendizabalek mozioa “nahiko sinbolikoa” zela adierazi zuen, nahiz eta onartuko zuela jakinarazi. Laikotasuna Elkarteko hainbat kide ere bertan zeuden eta horien izenean Jesus Gonzalezek esan zuen laikoa izan behar dela eta egia esan behar dela.
SOS Arrazakeriak taldeak Ceutako hesiko heriotza eta giza eskubideen urraketen inguruan aurkeztu zuen mozioa. Horrez haritik, Pello Aramendi zinegotziak salaketarako eta hausnarketarako bidea irekia zuen, justiziak funtzionatu egin behar duela esanez.
Horrez gain, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearentzat, Hitz Hotsentzat eta Arraztalorentzako laguntzak onartu zituzten. Hala, Ttur-tturrek Oiartzuarren Baitan ahozko ondarearekin lotutako egitasmoa gauzatzen jarraitzeko laguntza izango du, Arraztalok OKOBI proiektua garatzeko eta Oiartzun Irratia kudeatzen duen Hitz Hots elkarteari ere laguntza emango diote.
Martxoko protokolo gastua 1.152,40 eurokoa izan da, eskela eta lore, harpidetza, bidaia eta ikurrina eta garaikurretan.