Ekintza ugari bilduko dira elkartasun hilabetearen azken txanpan
Martxoa Trintxerpeko sutean kaltetutako herritarren aldeko elkartasun hilabetea izan da Errenteria-Oreretan, eta hilabetea bukatzear denean, ekintza ugari pilatuko dira asteburu honetan.
Hasteko, larunbatean diru bilketa egingo dute auzo guztietan, 10:00etatik 14:00etara. Giroa jartzen izango dira Oarsoirriak taldeko batukada, Lagunak txaranga, Amulletako Danbor Kofradia, Mundo Animado eta Aljarafe eta Monfragueko abesbatzak.
Arratsaldean, haurrentzako elkartasun jaia izango da batetik, eta bestetik, Euskaldarrak elkarteak prestatutako txekorra dastatzeko aukera izango da. Azkenik, kontzertua izango da, Madalenaren basilikan.
‘Herritmo’-rako sarrera, agortuak
Kukai dantza konpainia, Oreka TX eta Kalakan hirukotearen Herritmo ikuskizuna izango da asteburuko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat. Ikuskizunerako sarrerak, hasteko, agortu dira. Igandean izango da, 18:30an, Galtzarabordako kiroldegian.