Asteburutik aurrera hasiko dira aldaketak. Andonagei futbol zelain, esaterako, ordutegia zabalduko dute, eta honenbestez, igandetan, 09:00etatik 13:00etara irekiko dute beti, eta ez orain arte bezala, soilik noizbehinka. Neurri honekin futbol zelaian larunbata goizetan pilatu ohi den partida kopurua arindu nahi dute azpiegituraren kudeatzaileek.
Horrez gain, asteburuetan Trintxerpeko kirolguneko frontoi irekia zabalduko dutela dutela iragarri dute, familiek, baina batez ere, haurrek eta nerabeek jolas librerako eta kirola egiteko leku estali bat izan dezaten. 09:00etatik 13:00etara zabalduko dute larunbata eta igandeetan. Lan egunetan, orain are bezala funtzionatuko du instalakuntzak, hau da, frontoia pilota partidak jokatzeko erabiliko da, eta eskaera aldez aurretik egin beharko da 943 399 753 telefono zenbakira deitu edota Azokaren hirugarren solairuan dagoen bulegotik pasatuz.
Karmengo Ama eskola
Karmengo Ama eskolak, bere aldetik, asteburuetan kirol anitzeko pista zabalik uzteko konpromisoa hartu, neurriarekin, haur eta nerabeei jolasteko espazioak erraztu nahirik. Edonola ere, aukera hau proban jarriko dute ikasturtea bitartean, eta denbora tarte horretan udalak eta eskolak funtzionamendua egokia izan dela iritzi badiote udan ere irekitzeko aukera aztertuko dute. 09:00etatik 13:00etara irekiko dute kirol anitzeko pista asteburuetan.
Aranederreko balio anitzeko pista zein Azkueneko futbol pista erabili ahal izateko, idatziz eskatu behar da baimena Gazteria eta Kirol Departamentuan.
San Pedron, berritasunak
San Pedron ere hainbat aldaketa egingo dituztela jakinarazi du Udalak. Frontoian, futbitoko ate desmuntagarrien segurtasuna hobetuko dutela esan dute. Esan dutenez, laster ate finko bat jarriko dute frontoiko txokoaren ondoan, instalazioaren askotariko erabilera sustatzeko asmoz.
Azkenik, Morales Oliver plazan saskibaloiko bi saski jarriko dituztela iragarri du udalak.
Instalazioen ordutegiak
udalaren webgunean kontsulta daitezke.