Taxien ordenantza onartu du plenoak
Taxilarientzako ordenantza bateratua lortu nahi dute Oarsoaldean, eta horretarako udalez udal ari dira gaia lantzen. Atzo Pasaiak onartu zuen ordenantza, behin behinean, eta honenbestez Oiartzungo Udalaren oniritzia baino ez zaio falta. Edonola ere, behin aprobatuta jendaurrean jartzeko epea zabalduko dute, behin betiko onartu aurretik. Pasaian PSE-EE izan ezik, talde guztiek botatu zuten alde. PSE-EEk abstentzioaren alde egin zuen, sektorearen iritzia ez zutela ezagutzen argudiatuta eta jatorrizko ordenantza hobea zela iritzita. (Aldeko 11 boto, 5 abstentzio).
Mozioak
Hiru mozio eztabaidatu eta botatu zituzten atzoko plenoan. Lehena, EAJrena. Eskalerrillasen irisgarritasuna erraztu aldera igogailua edo bestelako bitartekoak erraztea eskatu du EAJk mozio bidez, eta mozioak aurrera egin du, aldeko 9 boto (EAJ, PSE-EE, Ezker Anitza, PP), eta kontrako 7 botorekin. Babesa lortu arren, EAJren eskaerak, hainbat kritika jaso zituen, batez ere, Portu Agintaritzarekin erakutsi duen jarreraren harira. Ezker Anitzak, Bilduk eta baita PSE-EEk ere, Portu Agintaritzari eskaera bera bideratzeko eskatu zieten jeltzaleei.
Garoña izan zen bigarren mozioaren hizpidea. Ezker Anitzak mozio bat aurkeztu zuen, eta PSE-Eek bigarren bat, Eusko Jaurlaritzak lehengo otsailaren 6an adostutakoa bere egiten zuena. Eskaerarekin bat etorrita Ezker Anitzak bere mozioa erretiratu eta bere egin zuen PSE-EErena. Honenbestez aldeko 14 boto (Bildu, EAJ, PSE-EE, Ezker Anitza) eta kontrako 2 botorekin (PP).
Hirugarren eta azken mozioa erregistro zibilaren pribatizazioaren kontra Ezker Anitzak aurkeztutakoa izan zen. Horri ere, PSE-EEk alternatiba bat aurkeztu zion, eta azkenean bi mozioen transakzio bat egin zuten, Ezker Anitzak aurkeztutako hitzaurrearekin, eta PSE-EEk idatzitako puntuekin. Mozioak aldeko 14 boto (Bildu, Ezker Anitza, PSE-EE, EAJ) eta kontrako 2 boto (PP).