
Udalbatza, PSE-EE eta PPko zinegotzi gabe
Espainiako bandera jartzeko aginduaren aurrean, atzo bi adierazpen instituzional aurkeztu zituzten udalbatzarrean, bata,
Bildu eta
Errenteriako Ezkerrak eta bestea
EAJk. Biak aurrera atera ziren: lehena aho batez, eta bigarrena, EAJ eta Bilduren aldeko botoekin; Errenteriako Ezkerra abstenitu egin zen. Ez zuten, ordea, bozketa horretan parte hartu PSE-EE ezta PPko zinegotziek; ez ziren eztabaidan ere izan.
Julen Mendoza alkatea bi adierazpen instituzionalak batera eztabaidatzeko proposatzen ari zenean, Jose Angel Rodriguez PSE-EEko zinegotziak hitza eskatu zion. Esan zuen Espainiako Gobernuaren ordezkariaren ekintza gustatu ez arren, ez zutela sinbolismoen eztabaidan edo banderen gerran sartu nahi, eta hori bultzatzea leporatu zien Bildu eta EAJri. Krisia bezalako “gai garrantzitsuagoak” badirela esan zuen. Hala, aulkitik altxa, eta bisitariak esertzen diren aulkietan jarri ziren zinegotziak.
PPko zinegotziek ere bide bera hartu zuten. Kasu horretan, Espainiako bandera udaletxean egotea ontzat jo zuten, ez, ordea, udala bere borondatearen kontra egin duela zehazten duen plaka jartzea.
Mendozak jarrera hori errespetatu bai, baina ez zuela ulertzen esan zuen: “Hemen ez gara bandera jarri edo ez eztabaidatzen, baizik eta inposizioari adierazpen politiko batekin erantzuten”.
Bandera jartzeko aginduaren gaineko eztabaidan, Maite Peña zinegotzi jeltzaleak adierazi zuenez, EAJ boterean egon den urteetan ezker abertzalearen eskutik jazarpena jasan behar izan du, eta orain Bilduri egotea tokatu zaionean, men egin behar izan duela gaineratu zuen.
Mendozak erantzun zion Bilduren bizkarrezurra izaten jarraitzen duela desobedientzia zibilak, “baina beti ere baldintza objektiboak ematen direnean”. Beraz, banderen gaiarekin bezala beste edozeinekin EAJri eta gainontzeko alderdiei ere bide horren alde egiteko eskua luzatu zien: “Kasu honetan, EAJk eta Bilduk kontsentsua balute, ez litzateke arazorik egongo desobedientzia zibila aplikatzeko”.
Errepublikaren gaineko mozioa, aurrera
Pikoketa Oarsoaldeko Talde Errepublikanoak mozio bat aurkeztu zuen udala III. Errepublika babesten duten herriei bat egiteko eta apirilaren 14an bandera errepublikanoa Errenteriako udaletxean jartzeko. Alde bozkatu zuten Bildu eta Errenteriako Ezkerrak, eta kontra PSE-EE eta PPko zinegotzi batek.
Jose Manuel Herzog PPko bozeramailea abstenitu egin zen. Arrazoitu zuen bat egiten zuela ideia horiekin, “baina ordezkatzen dudan aukera politikoak ez dit uzten horren bozeramaile izaten halako gaietan”. Beraz, hitza Maria Angeles Bastosek hartu zuen, eta berretsi zuen PP alderdi “espainiar eta monarkikoa” dela.
Trenbide pasabidearen gaineko mozioa aurrera, aho batez
Mahai gainean jarri zuten beste mozioa trenbide pasabidea kentzeko Euskal Jaurlaritzari eskaera bideratzearen gainekoa izan zen, eta alderdi guztiek alde bozkatu zuten.
Bestalde,
beste puntu guztiak, tramiteak gehienak, aurrera atera ziren, bat izan ezik: Ekonomiko Finantza plana. Oposizio guztiak kontra bozkatu zuen. Bilduk tramitea zela berretsi arren, PSE-EEk esan zuen ez zuela horrela ikusten, eta gaineratu zuen, ez zituela aurrekontuak, ez ekipamendu kulturalak ezta udalaren kudeaketa ere partekatzen.