Iazko kontzertu pedagogikoetako bat
Hondarribiko 1.800 ikaslek parte hartuko dute Udaleko Hezkuntza Sailak ikastetxeekin elkarlanean Itsas Etxean antolatutako Kontzertu Pedagogikoetan. Txomin Sagarzazu zinegotziak nabarmendu du hiru ikastetxek parte hartzen dutela kontzertu pedagogikoen egitamoan: “Jarduera hauek euskarazko zinearekin hasi ziren, herriko ia 1.500 ikusle edo ikasle egon zirelarik, Haur Hezkuntzako bosgarren mailatik hasita DBHra bitarteko ikasleak, Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose Ikastetxekoak. Orain, programak musikarekin jarraitzen du, herriko 1.800 ikasle pasako direlarik Itsas Etxetik”.
Programaren helburua ikasleak kultur jardueretara hurbiltzea da baina, Sagarzazuren ustez, aukera ona da ikasleak eskolatik kanpo euskaraz mintza daitezen: “Jarduera guztiek helburu nagusi batzuk jarraitzen dituzte: Hondarribiko ahalik eta ikasle gehien zenbait kultur adierazpidera hurbiltzeko aukera ematea alde batetik. Hortaz gain, eskolaz kanpoko jarduerak aberasteko bide bat jartzea bilatzen dugu, baita ohitura batzuetan eragitea gure gazteei, kasu honetan, Itsas Etxea auditoriumera hurbildu eta kulturaz gozatzea. Azken helburua, euskararen presentzia eskolaz kanpoan areagotzea da”.
Dagoeneko lau kontzertu egin dira aurten: Hondarribiko Txistu ikasle eta irakasleena, Musika Eskolako ikasle eta irakasleena, Esther Barandiaran-Itsaso Aristizabal bikoteak eskaini zuena Musika Eskolako ikasleekin eta, gaur bertan, Musika Eskolako perkusio taldeko ikasle, irakasle eta gonbidaturiko instrumentistak aritu dira.
Datorren astelehenean, Irun eta Hondarribiko Metal Boskotea ikusi ahal izango dute ikasleek, eta azkenik, apirilaren 10ean, Musika Eskolako Banda ariko da Lehen Hezkuntzako 3 eta 4. mailakoentzat.