Juanma Garate: "Edozein langileren oinarrizko eskubideen alde borrokatzen ari naiz"
Juanma Garate txirrindulari profesional irundarrak gatazka du bere taldearekin, Belkin taldearekin, kontratuaren harira. Azken asteetan hedabideetan tirabira horien gaineko hainbat albiste atera dira, eta horiek buka daitezen eskatuz, gutuna bidali du OARSO BIDASOKO HITZAra. Hona, hitzez hitz, Garatek gutunean kontatu duena:
“Lehen pertsonan eta labur argitu nahiko nituzke zergatik ditudan tirabirak oraindik nire taldetzat ematen dudan txirrindularitza taldearekin, gaizki egindako interpretazioak egon ez daitezen.
Joan den irailean Belkin taldeak nire kontratua berritu zuela publikoki jakinarazi zuen, baina kontratu hori sinatzera ez naiz iritsi. Taldeak itxitzat eman zituen negoziazio batzuk, zeinetan nik hainbat desadostasun izan nituen kontratuaren hainbat atalekin, bereziki ordainketa moduen atalarekin, eta zehazki segurtasun sozialari egin beharreko ordainketekin. Taldearen zati teknikoak behin baino gehiagotan konpromisoa hartu zuen, idatziz ere, ordainketa horiek egiteko.
Urriaren 21ean jaso nuen lehen aldiz kontratu berria. Nik eta taldeak aurretik egindako akordioarekin ez zetorren bat, eta pertsonalki eskatu nion taldearen zati teknikoari akatsak konpon zitzala. Ez zuten inolako arazorik jarri akats horiek konpontzeko.
Azaroaren bukaeran Herbehereetan lehen kontzentrazio laburra egin genuen taldekideok, eta bertan beste kontratu berri bat eman zidaten. Oraingoan taldearen managerraren sinadura ere zegoen kontratuan, baina harrituta gelditu nintzen. Izan ere, hitzartutako akatsen zuzenketa ez zegoen eginda horretan ere. Egun horretan bertan jakinarazi nien taldearen buruei ordura arte akats bat zela uste nuena, oraindik ere zuzendu gabe zegoela. Denbora faltagatik, arazoari irtenbidea emateko bigarren kontzentraziorako zita egin genuen, Alacanten izan behar zen bigarren kontzentrazio hori. Puntu honetan garbi utzi nahi dut taldearekiko nituen ezadostasunek ez zutela bakarrik harremana soldata gaiekin, hainbat hedabidetan agertu denaren kontra.
Abenduaren 14an Richard Plugge managerrarekin bildu nintzen, gertatutakoaren gaineko azalpenak jasotzeko. Hor onartu zidan kontratuaren baldintzak aurretik hitzartutakoak izan behar zirela, eta hori entzundakoan berriz ere adierazi nuen baldintza horiek idatziz ere agertu behar zirela nire kontratuan. Oraindik orain ez dute hori egin.
Tirabira hau, errepikatu nahi dut, ez da soilik sortu soldatagatik. Eta orain horrela dago: legediak esan beharko du Belkin taldean egoteko zein baldintza izan beharko ditudan.
Imajina daiteke, profesional bezala 14 urteren ondoren, egoera hau ez dela inolaz ere nire gustukoa. Baina betebehar morala daukat borrokatzeko edozein langilek dituen oinarrizko baldintzengatik.
Nire itxaropena da gutun honek nire egoeraren gaineko argibideak emateko balio izatea. Gainera jakinda ekinbide judizialak zabalduta daudela, uler ezazue, mesedez, adierazpen gehiago egin nahi ez izatea.
Juanma Garate. Txirrindulari profesionala, Irun.