Irungo Bilgune Feminista: "Planari kasurik ez egiteko, hobe diru publikorik ez xahutzea"
Irungo Bilgune Feministak, udaletik esandakoen harira, bere iritzia eman du III. Berdintasun Planaren hasierako dokumentutik udal gobernuak egion dituen aldaketen gaiagatik. Bilguneak esan du udala izan zela taldea bere iritzia ematera gonbidatu zuena, eta plana gustuko ez duelako horri kritika egitea “gehitxo” dela: “Zentsura medio, testua ezagutzeko aukera ere ez dugu izan”.
Bilguneak nabarmendu du planaren testuak ez duela zertan euren gustuko izan behar, “baina garrantzitsuena da gaian adituak diren horien gomendioak jarraitzea. Horretan kale egin du gobernu taldeak. Elhuyar kontratatu bai, baina gero kasurik ez egiteko hobe diru publikorik ez xahutzea”. Zentzu horretan, Maite Cruzado zinegotziak esan zuen Elhuyarrek ez zuela beharbada, alardearen kasuan, herriko problematika edo sentsibilitatearen berri; “halaxe izan daitekeela ez dugu zertan ukatu, baina Elhuyar Irungoa ez zelaren berri, hura kontratatu aurretik jakin beharko lukeela uste dugu”.
Euskadiko Gazte Sozialistek, bestalde, Berdintasuna Lantzen saria emango diote Irungo alarde parekideari. Erabaki hori txalotu egin du Bilgune Feministak, eta Maite Cruzadori “haien alderdiko gazteen eredua” jarraitzeko eskatu diote: “PSE-EEren gazteen ausardia txalotu, eta Irungo alkateari 18 urteren buruan konponbidearen bidean pausoak emateko ausardia eskatzen diogu. Bide horretan lan egiteko zain aurkituko gaitu”.