Bilduk eskatuta, atzeratu dute osteguneko osoko bilkura
Bihar Hondarribiko udaletxean egitekoa zen ezohiko osoko bilkura atzeratu dute, Bilduren udal taldeak egindako eskaeraren ondoren. Zuloaga Etxea zaharberritzeko proiektua landu behar zen biharko bilkuran eta eztabaida horretan Bilduk zinegotzi berriekin parte hartu nahi duela azaldu du Aitor Kerejeta alkateak: “Bildu taldeak eskatu du Zuloaga Etxearen inguruko puntua eguneko gai zerrendatik kentzeko. Ikusita laster Bilduk hiru zinegotzi berriak izango dituela, egokia iruditu zaigu Udalbatza osoa atzeratzea, horrela Hondarribirako hain garrantzitsua den proiektu honen erabakia hartzeko orduan parte hartu ahal izango dutelako beraiek ere”.
Apirilean egingo dute Zuloaga Etxeko proiektu aldatua eta lanetarako baldintza plegua onartzeko eztabaida, oraindik zehaztu gabeko egun batean.