Ainhoa Zabalo gaurko agerraldia
Parte hartze prozesua abiatuko du Lezoko Udalak Altamirako auzotarrekin, auzoa nola hobetu eta zein ekipamendu berritu behar diren erabakitzeko. Auzotarrak bihurtu nahi ditu protagonistak udalak eta horretarako, lehenego bilera larunbatean egingo du 11:00etan altamrako auzo elkartearen egoitzan. Altamirako bizilagunek egindako eskaerekin proposamena eramango du bilera horretara udalak. Besteak beste, haur parkea berritu, hainbat eserleku aldatu eta harrizko paretak goroldioz garbitzeko proposamena luzatuko du udalak, “baina bizilagunena izango da azken hitza”, Ainhoa Zabalo alkateak parte hartze prozesua aurkezteko gaur goizean egindako agerraldian esan duenaren arabera: “Larunbateko bileran ekarpenak eta proposamenak egingo dituzte eta horiek guztiak hartuko ditugu kontuan. Ekarpenak jaso eta teknikariek bideragarritasun plana aztertuko dute”. Ekarpenak hamabost eguneko epean aztertzeko konpromuisoa hartu du udalak.
Bigarren bilera apirilaren 12an leku eta ordu berean egingo dute udalak eta Altamirako bizilagunek, bertan aurkeztu diren proposamen guztien artean galdeketa egin eta auzotarrek zein proiektu gauzatu erabakiko dutela zehaztu du Zabalok.
50.000 euroko diru zatia inbertituko du udalak Altamira auzoa berritzen.
Behar handiak dituen auzoa
Auzo ekipemanduak hobetzeko diru zatia gorde zuen Lezoko Udalak 2014. urteko aurrekontuan. “Urtero partida bat jasoko du udalak auzo ekipamenduak hobetzeko, eta urtero auzo bat aukeratuko da. Aurten Altamira auzoa aukeratu dugu, behar gehien duen auzoa dela uste dugulako”, esan du Zabalok.
Bileraren metodologiari dagokionean, lau bloketan banatuko dela larunbateakoa esan du alkateak. Sarrera eginda, bere proiektu proposamena aurkeztuko du udalak, auzotarren ekarpenak jasotzeko ondoren. Azkenik balorazioa egingo dute.
Aurtengo bigarren parte hartze prozesua
Proposamena aukeratuta, lanak berehala hastea aurreikusi du udalak, bestalde, “aurten egingo ditugu ez da epe luzerako zerbait, berehala egitekoa baizik”. Zabalok herritar guztiak deitu ditu bileran parte hartzera, “azken batean beraiek ezagutzen dutelako inork baino hobe auzoa eta zein behar dituzten”.
Altamirako auzotarrekin abiatuko duen parte hartze prozesua aurtengo bigarrena izango da. Aurretik II. Berdintasun plana diseinatzeko parte hartze prozesua abiatu berri du, eta horiekin, udalak lezoarrekin hartutako konpromisoa berresten duela esan du, amaitzeko, Zabalok, “herritarrei hitza eta erabakitzeko ahalamena eman nahi diegulako”.