Urdanibia eremuko merkatari eta ostalarientzat neurri gehiago eskatu ditu Irungo EAJk
Urdanibia plazako lanek luze iraungo dutenez –13 edo 14 hilabete—. bertako komertzio eta ostalaritza sektoreentzako onura gehiago eskatu ditu Irungo EAJk. Izan ere, gobernu taldeak biharko udalbatzarrean bide okupazioagatik horiek ordaintzen duten tasan salbuespena izatea proposatuko du, baina hori gutxi da Xabier Iridoy buru duen taldearentzat: “Jarduera ekonomikoaren zergan, IBIan eta uraren nahiz zaborraren tasetan hobariak proposatzen ditugu”.
Iridoyren arabera lan horiek komertzio eta ostalaritza guneetan diru sarrerak murriztuko dituzte, “eta krisi ekonomikoa gehitzen badiogu, horiek egoera larrira irits daitezke, eta udaletik ezin dugu horren guztiaren ondorioz negozio batzuk desagertu daitezen utzi”.
Aldi berean, alde zaharraren suspertze ekonomiko eta sozialaren aldeko apustua egiten duela esan du EAJk, eta horren harira kokatu ditu Urdanibiako lanak.