San Nikolas baluartea birgaitzeko prozesuaz eztabaidatzen ari dira Ondareen II. Foroan
Donostia, Baiona, Bartzelona, Panama, Puerto Rico, Kolonbia eta Argentinako arkitekto eta ondare arloko adituak ari dira parte hartzen Arma Plaza Fundazioak antolatutako Hondarribiko Ondareen II. Foroan. Ostirala arte, arkitektu bakoitzak bere eskarmentua azalduko du eta Hondarribiarekin dituen parekotasunak aztertuko dituzte.
Donostia, Baiona, Bartzelona, Panama, Puerto Rico, Kolonbia eta Argentinako arkitekto eta ondare arloko adituak ari dira parte hartzen Arma Plaza Fundazioak antolatutako Hondarribiko Ondareen II. Foroan. Atzo eman zitzaion hasiera eta ostirala arte lan egingo dute. Arkitektu bakoitzak bere eskarmentua azalduko du eta Hondarribiarekin dituen parekotasunak aztertuko dituzte. Foroaren helburua, Mugako Ondareen Itsasgaindiko UNESCO katedra sortzea da eta horretarako Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza dutela azaldu zuen atzoko aurkezpenean Txomin Sagarzazu Kultura zinegotziak eta fundazioko presidente ordeak: “Egoitza Hondarribian izango luke, eta itsasoz bestaldean, egoitza bikiak izango lituzke, San Juan de Puerto Rico (Universidad Politécnica de Puerto Rico), Popayan (Universidad del Cauca) eta Cartagena de Indias zein Bogota hirietan (Universidad Jorge Tadeo Lozano)”. Aste honetan asko hitz egingo da Kultur Etxean Hondarribiko ondare arkitektonikari buruz eta, zehazki, hurrengo zaharberritze lanak jasoko dituen harresiko zatiari buruz. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare edo Patrimonio Masterreko irakasle eta ikasle talde bat San Nikolas baluartea eta Madalenako kuboa birgaitzeko proiektua lantzen ari da, Unibertsitatean & Gotorlekuak goiburuko mintegian. Goizero elkartzen dira Kultur Etxean, arratsaldez Ondareen II. Foroko hitzaldiak egingo diren leku berean.