Lezo eta Donibane arteko bidea hobetzeko eskaera erakundeetara iritsiko da
Igandean egin zuten Lezo eta Donibane arteko espaloia hobetzeko eta bidegorria egiteko eskaera eguna. Goizean ez zuen eguraldi onik egin, baina bertan izan zirenek euriak utzitako zirrikituak baliatu zituzten lehenik bi herrien arteko giza katea osatzeko —mutur bat Donibanetik atera zen, bestea Lezotik—, eta ondoren Meipin ekitaldia egiteko. Ehunka pertsona bildu ziren giza katean eta ekitaldian, eta Donibane-Lezoko Espaloia+Bidegorriaren Aldeko Lantaldeko kideek esan zutenez, eguraldi hobearekin askoz jende gehiagok egingo zuen bat ekintzarekin. Hala ere, balorazio positiboa egin dute igandeko festaz.
Orain, eskaera gizarteratuta eta igandean kalera aterata, bigarren faseari ekingo diote. Horren barruan dago erakundeekin biltzea, Pasaiako Portu Agintaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Ostegun honetan batzarra egingo dute lantaldekoek, horiei nola ekin erabakitzeko.