Michelin izarrak
Duela hilabete pare bat hasi zen sagardotegi garaia. Ederra izaten da sasoi hau. Euskal herritar gehienek edukitzen dugu sagardotegi bat, gutxienez. Koadrila askorentzat urteroko zita, urteko garrantzitsuena, akaso. Eta nola gozatzen dugun! Hamaikak aldera elkartu, dirua atera (garrantzitsua), trago batzuk hartu eta sagardotegira. Hortik aurrerakoak ongi dakizkigu denok.
Gertakizun polit bat behin Asturiasen, ez dakit guztiekin gogorako naizen… Ni larunbatean izan nintzen kupel artean eta uste dut ez dela Asturiasera joan beharrik sagardoa edaten ez dakien jendea topatzeko. Urtero kopla bera, urtero berdin. Eta ez, lagunok, ez naiz frantsesez ari. Euskaldunez ari naiz, euskaldun peto-petoez.
Sagardotegi baten afaria baitzen, numero dotoreak ikusi ginuzen… Ez dut uste sagardoa edateko master bat egin behar denik. Mekanismoa sinplea da: ailegatu, basoa hartu, mahaira joan eta trago batzuk edanaz mahaian dagoen jakia jan. Eta listo, erraza, sinplea. Ez ba, badirudi batzuen garunak ez direla hain sinpleak. Sagardotegira sartu bezala mutil koadrila bat ikusi nuen sarreran, oraindik txorizoa mahai gainean zutela bete-bete eginda. Akaso ez dute jakingo erronka ez dela handik kupelak hustuta ateratzea. Horrela bukatu zuten, mahaiko txorizoa bezain gorri eta koipetsu. Esan nien ez al zen edari makala, sagardoa hobeto asentatzen zala… hiru ordu baino lehen egin zuen txahala. Batek baino gehiagok, seguru. Komunera sartzea besterik ez zegoen froga egiteko. Hau kuxidadea. Umorez jarri ginen ondorenean zer? Erderaz bertsoetan, lo que hace el beber. Bertsotan bakarrik balitz! Jendea eraldatu egiten da sagardotegian, transformatu. Eta gaiztotu. Elkarri ogia bota, intxaurren saskia lapurtu… Nik uste horregatik dela minimalista sagardotegietako dekorazioa, jendeak edozer lapurtzen duelako. Gero sagardoari txotxetikan tira, barrez egon nintzaien albotik begira. Negar ez egitearren. Batzuk harrotasunaren harrotasunean txotxetik iltzeak kentzen hasi ziren. Ni bertako langilea banintz iltzeak ez luke txotxeko zuloan amaituko. Batzuk harrotuta, gaiztotuta. Eta besteak, nola ez, purrustan, berogailua jartzeko eta aulkiak eta platerak ateratzeko eskatzen. Eta sagardotegikoek atera, nola ez. Mesedez, eta hurrengoan zer, pitxarrak, ardoa botila eta sorbetea postrerako? Lagunok, sagardotegiek ez dauzkate Michelin izarrak.
Ohitura bat negozio bilakatzen denean malo!, gure amonak esango lukeen bezala. Jendeak aulkiak eta platerak eskatu eta haiek jarri. Eurek ere edango ez luketen sagardoa zerbitzatu. Eta bi bakailao zati eta txuleta puska batengatik hogeita hamar euro kobratu. Nora ailegatu gara? Non daude garai bateko sotoetako barrikoteak? Han ez zen ez pitxarra, ez aulki ezta higienerik ere. Katua eta txakurra hankartean, armiarma sareak kupel artean eta berokia eta bufanda soinean. Hori bai, jan eta edan bapo! Sotoek bai merezi Michelin izarra!
Kupela kupela sagardoan hotela, kupela kupela bete zaigu sabela. Hau bai, hau egia da. Hernanin, Astigarragan, Asturiasen edo etxeko sotoan sagardoak berdin-berdin jotzen du. Hortaz, neurriz edan Michelin izarrak dantzan ikusi nahi ez badituzue, behintzat.