Azken bilera, talde guztietako ordezkariekin
Larunbat honetan hasiko dira Hondarribiko herri olinpiadak, garai modernoko lehenak. Hogei taldek eman dute izena eta 80-90 hamarkadetan egiten ziren jokoetako markak hobetzeko asmoa dute. Horregatik, jo ta fuego aritu dira prestatzen eta sasoi bikainean iritsiko dira hain zita esperatura.
10:00etan izango da herri olinpiadetako hasierako zeremonia, Madalen plazan. Azken orduko arazoengatik antolatzaileek aurreratu dute zeremonia ez dutela Teledeportetik emango —ez behintzat zuzenean—, eta, hortaz, ikusi nahi duenak bertatik egin beharko du.
Zeremoniaren ondotik hasiko da lehiaketa. Larunbat honetako probak honakoak hasiko dira: zaku lasterketa, lokotx biltzea, palo ski, txingak eta soka tira.
Proba batzuk, garai bateko olinpiadetan egiten zirenen antzerakoak dira, baina nazioarteko araudia asko aldatu da ordutik. Esaterako, palo ski proban ezingo dira poliuretanoko jantziak eraman eta lokotx biltzean parte hartuko duten kirolariek dopinaren aurkako azterketa pasatu beharko dute, babarrunik jan ez dutela ziurtatzeko. Aldiz, nahi duenak artilezko jertsearekin eta mendiko botekin korrika egiteko aukera izango du, lehengo olinpiadetakoek egiten zuten bezala.