Iker Oliverik iazko bigarren postua errepikatu du, Talaia gogorrenean
Iker Oliveri hondarribiarrak bigarren postuan bukatu zuen atzo Fortuna elkarteak laugarrenez antolatutako Donostia-Hondarribia Talaia Trail lasterketa. Erlaitz elkarteko mugalariak 2 ordu 15 minutu eta 18 segundo behar izan zituen 31 kilometroko mendi lasterketa burutzeko. Nesketan irundarrak izan ziren Oarso Bidasoko azkarrenak.
Iker Oliveri hondarribiarrak bigarren postuan bukatu zuen atzo Fortuna elkarteak laugarrenez antolatutako Donostia-Hondarribia Talaia Trail lasterketa. Erlaitz elkarteko mugalariak 2 ordu, 15 minutu eta 18 segundo behar izan zituen mendi lasterketako 31 kilometroak osatzeko, besteak beste, hotzari, kazkabarrari eta lokatzari aurre eginez.
Irungo Mugalari taldeak lau ordezkari kokatu zituen lehen hamarren artean, horietako bi irundarrak: Carlos Garcia bosgarren iritsi zen —lehen beteranoa— Harresilandako helmugara (2:19:43) eta Iñaki Catalan Kataka zortzigarren (2:23:53). Bigarren hondarribiarra Martxel Bereau izan zen, hamazazpigarren (2:30:42) eta bi postu atzerako Oarsoaldeako lehen ordezkaria azaldu zen helmugan, Mikel Oliveri errenteriarra (2:32:44).
Nesketan irundarrak izan ziren Oarso Bidasoko azkarrenak, podiotik kanpo geratu ziren arren. Ana Reina bosgarren izan zen (3:07:12) eta Olatz Zabala herrikidea hamargarren (3:20:40). Maider Amiano izan zen Talaia traila burutzen lehen emakume hondarribiarra, hamaseigarren tokian (3:32:36), eta Errenteria-Oreretako Mirari Garcia jarraian sartu zen (3:36:53), lehen oarsoar bezala sailkatuz. Orsoaldeko bigarrena Edurne Jauregi antxotarra izan zen.
Sailkapen nagusian, emakumeetan, Uxue Irigoien getariarra izan zen lehena, Eguzkiñe Intxauspe Abadiñoko korrikalaria bigarrena, era Arantzazu Perez de Arenaza gasteiztarra hirugarrena. Gizonetan, Jokin Lizeaga urnietarra izan zen azkarrena Iker Oliveri hondarribiarraren aurretik; hirugarrena Igon Manzisidor debarra izan zen.