Ikastaroan parte hartzen ari diren hiru ikasleak Intxixu AEK-ko Jexux Olaziregi irakaslearekin
Bezeroekin ohiko elkarrizketak euskaraz izateko asmoz, herriko hainbat merkatari zein ostalari euskara ikastaroa jasotzen hasi dira. Ttur-ttur Euskaltzalon Bilgunearen eta Oiartzungo Udalaren arteko hitzarmenaren bidez dago martxan herriko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa.
Hiru ikasle daude ikastaroan: Bidealde jatetxeko Rafael Fernandez, Alhambra tabernako Christian Gonzalez eta Odriozola gozotegiko Patxi Fernandez. Astean hiru egunetan elkartzen dira eta maiatzera bitarte 60 orduko ikastaroa osatuko dute.
Udalak zein Ttur-Tturrek merkatari eta ostalarien ahalegina eskertu dute, “oso zaila izaten baita euskara ikasteko taldea osatzea. Libre duten tarte txikia euskara ikasteko erabiltzea eskertzekoa da. Euskaraz atendituak izan nahi duten bezeroek eskertuko dute egiten ari diren ahalegina, dudarik gabe”.
Bide horretatik, bezeroengana ere zuzendu dira, euren merkatari eta ostalariekin harremana euskaraz izateko.