Bihar, asteartea, izango da martxoko ohiko udalbatzarra, eta bertan Espainiako bandera jartzeko Errenteriako Udalak jasotako aginduaren gainean eztabaidatuko dute. Bi adierazpen instituzional aterako dira bozketara, bata Bilduk eta Errenteriako Ezkerrak aurkeztutakoa, eta besteak EAJk aurkeztutakoa. Udalbatzarra, ohi denez, 18:30ean hasiko da.
Horrez gain, lau proposamen eta bi mozio izango dituzte zinegotziek eztabaidatzeko. Proposamenak honakoak izango dira: 2014-2017 Ekonomia-Finantza plana onartzea; etxez etxeko udal laguntza zerbitzua indartzeko beste zerbitzu bat kontratatzea; kale garbiketa eta hiri hondakin solidoak jaso eta garraiatzeko zerbitzua adjudikatzea; eta euskararekin zerikusia daukaten jarduera eta programak aurrera eramateko diru laguntzen deialdia eta oinarriak arautzea.
Mozioei dagokienez, bata PSE-EErena izango da, trenbide pasagunea kentzeko eskatuz. Bestea, berriz, Pikoketa elkarte errepublikanoak eta Errenteriako Ezkerrak aurkeztutakoa izango da. Errenteria III errepublikaren aldeko udalen sarean txertatzeko eskatuko dute, baita apirilaren 14ean udaletxean bandera errepublikanoa jartzea ere.
Martxoko udalbatzarreko gai ordena