Niessengo Dantzagunearen aurkezpenean Irune Balentziaga Kultura zinegotzia, Julen Mendoza alkatea, Ikerne Badiola Kultura diputatua eta Garazi Lopez Etxezarreta aldundiko Kultura zuzendaria.
“Geltoki eder eta egokia aurkitu du Dantzaguneak Artelekutik Lekuonara egiten ari den bidaian”, adierazi du Ikerne Badiola Kultura diputatuak. Izan ere, Niessenera eraman dute Dantzagunea, Lekuonako ateak ireki bitartean, behin-behinean.
Dantzariek bi aste inguru daramatzate eraikin berrian, eta gaur, gainera, ate irekien eguna izango da herritarrentzat. Beraz, arratsaldean, 17:00etatik 21:00etara, ikusi ahal izango dute nola geratu den obrak egin eta gero. Lau gela ditu dantzarako nahiz beste ekintzetarako, baita komunak nahiz aldagelak eta bulego bat ere. Guztira, lanek 479.700 euroko kostua izan dute, eta aldundiak 350.000 euro (%75) bideratu du. Gainontzekoa udalak.
Gela horiek egungoak baino egokiagoak direla azaldu du Badiolak, eta horrez gain, dantza tradizionala eta garaikidea Dantzagunearen ardatzak izanik, Errenteriako konpainia eta eragileekin sarea sendotzeko aukera izango dela gaineratu du.
Goizean, agerraldia egin dute Badiola eta Julen Mendoza Errenteriako alkateak. Bertan izan dira aldundiko beste zenbait kargu, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta Garazi Lopez Etxezarreta aldundiko Kultura zuzendaria, kasu. Horrez gain, udal ordezkariak ere izan dira, Irune Balentziaga Kultura zinegotzia edo Luisma Diez Hirigintza zinegotzia. Gainontzeko udal taldeen ordezkariak ere ikusi ahal izan dira, EAJ eta PPkoak.
Badiolak azaldu duenez, Arteleku utzi beharrean aurkitu zen Dantzagunea, uholde arrisku handia zuen tokian zegoelako —Donostiako Txomin auzoa—, eta azkenean, Errenteria-Oreretaren aukera sortu zitzaien. Egoitzaz gain, herria eta kokapena ere kontuan izan dituztela gaineratu du, dantza eta arte eszenikoekin izan duen lotura dela eta.
Behin erabakia hartuta, prozesu parte hartzaile bat egin zutela jakinarazi du eraikinari zein erabilera emango zitzaion eta baldintzak nahiz ekipamenduak zeintzuk izango ziren ere erabakitzeko. Bertan, dantza eta arte eszenikoetako ordezkariek parte hartu dutela zehaztu du.
Lekuonako lanak, lehen fasean
Bien bitartean, aurrera doaz lanak Lekuonan. Bi fasetan egingo dituzte, eta orain lehenengoan daude, eraikina egonkortzeko fasean. Bigarren fasean Vauum arkitekto taldea egiten ari den proiektua dago, gehiago maila artistikoan eraikina izango dena. 6 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta %60 finantzatuko du aldundiak eta %40 Errenteriako Udalak. 2016ko urte hasierarako lanak bukatuta izatea espero dutela azaldu du Badiolak.
Mendozaren arabera, egun garrantzitsua da, “Lekuonako arte eszenikoen zentroaren hastapenetako lehen gauzatze praktikoa” delako. Proiektu hori “ezin hobeto” kokatzen dela herrian iritzi dio Mendozak, “herri honetako errealitate artistikoarekin erabat txertatzen den proiektua izango delako, Gipuzkoan kokatzen dena eta Euskal Herriko eta nazioarteko proiektua izateko bokazioa duena”.
2025 plan estrategikoko proiektu garrantzitsuena izango dela gaineratu du, eta herriaren transformazioa ekarriko duela: industria herritik ekonomia kreatibora. Beharra dagoela esan du, herriak egun dituen adierazle “negatiboak” kontuan hartuta.