Ceutako etorkinen heriotzak gaitzetsi ditu udalak
SOS Arrazakeriak jakinarazi duenez, ostiralean onartu zuen bozeramaileen batzordeak Bildu, PSE-EE, EAJ eta Ezker Anitzaren aldeko botoekin, Ceutan izandako heriotzak gaitzetsi eta mugen kudeaketa desberdin bat eskatzen duen adierazpen instituzionala. PPk kontra bozkatu zuen.
Proposamen horrekin batik bat mugen kudeaketaren gainean hausnartzea bultzatu nahi duela jakinarazi du SOS Arrazakeriak: “Gertaera hauek berriro nabarmen erakutsi dute zein ondorio dakartzan Europako Batasunaren migrazio politika mugen blindatze tematian oinarritzeak”.
Horrek jendartearen gaitzespena ekarri duela gogorarazi du, eta era berean, poliziaren jarrera kritikatu duela. Haatik, Espainiako Barne Ministroak Guardia Zibilaren jokaera babestu duela esan du, eta areago, poliziaren jokaera horiek babesteko legeetan aldaketak egiteko asmoa azaldu duela.
Zentzu horretan, bozeramaileen batzordeak heriotzak deitoratu eta Espainiako Segurtasun Indarren jokaera gaitzetsi du. Hala, gertaerak ikertzeko batzorde independente bat sortzeko eskatu du, baita Guardia Zibileko zuzendariak dimisioa aurkezteko ere.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak etorkinen eskubideak mugatzeko lege aldaketarik ez egiteko ere galdegin du, eta Europako Batasunari ere zuzendu zaio, behin betiko konponbideak jartzeko konpromisoa har dezan.
Joan den otsailaren 6an Ceutara iritsi nahian hamabost lagun hil ziren, Guardia Zibilak horien kontra jaurtitako gomazko pilotengatik.