Ainhoa Adin eta Joserra Goñi iheslariak Irunera itzuli ziren atzo. Larunbatean
Arrangoitzen (Lapurdi) iheslariek egin zuten agerraldian esandakoaren harira hartu dute erabakia bi irundarrek. 12:30ean iritsi ziren hirira biak, eta hamarnaka herritarrek, iheslari izandakoek eta preso ohiek babestuta, Peña kalea zeharkatu, eta bertan ohorezko aurreskua dantzatu zieten. Hitza hartu zuten horren ondoren: esan zuten arrazoi politikoengatik ehunka direla euren etxeetara itzuli ezin duten iheslariak, eta eurena hori egiteko urrats bat dela, eta “gatazkaren konponbide integralaren aldeko” urrats bat dela euren erabakia berretsi zuten.
Biek ala biek elkarrekin pasatu zituzten une batzuk Hazia elkartean (bertakoa da irudia). Ainhoa Adinek 13 urte egin ditu iheslari; Joserra Goñik, 23.