Txakur kaken gaineko kanpaina jarri dute martxan Iztietan
Informazio kartelak eta kakak uzteko edukiontziak jarri dituzte Iztietan, txakur kaken harira. Kanpaina bat martxan jarri dute udalak eta Iztietako auzo elkarteak arazo horri irtenbide bat emate aldera.
Igande honetan, hilak 23, hasiko da kanpaina ofizialki, eta bi astez luzatuko da. Luisma Diez Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, helburua txakurren jabeak eta txakurri ez dituzten herritarrak ere arazo horren gainean kontzientziatzea da, eta baita udala ere gai horrekin kezkatuta eta inplikatuta dagoela ere ezagutaraztea. Horrez gain, auzo udaltzainak ere adiago egongo direla jakinarazi dute, eta isunak ere jar ditzaketela.
Izan ere, auzo batzarretan egindako bileretan gai hori izan da errepikatuena, baita Iztietan, bertako auzo elkarteko kide diren Maite Salvador eta Jose Luis Salvadorrek gogorarazi dutenez. Diezek arabera, inguruan aritu dira ereduak begiratzen herrian aplikatu ahal izateko, baina egokirik topatu ez dutenez, Europari begira jarri dira, eta han batik bat kontzientziazioaren alde egin dutela adierazi du. Hiru kideek berretsi dute ez dela txakurren jabeen kontrako kanpaina, baizik eta gauzak ongi egiten ez dituztenak kontzientziatzekoa baizik.
Benetako arazoa dela esan du Diezek, eta higiene eta osasun publikoa kaltetzen duela. Kontziente direla esan du jabe askok kakak jasotzen dituztela, baina kontuan izanda Errenteria-Oreretan 3.000 txakur daudela, eta horiek hilabetean 9.000 kilo kaka sortzen dituztela, ehuneko kopuru txiki batek ere bere lana ondo egiten ez badu, kopuru handiak pilatzen direla ohartarazi du.
Diezek ere gogorarazi du nahiz eta uste zabaldua den, txakurren gorotzak ez direla organikoa, eta horrenbestez ez dela lorategietan egokian. Kontrakoa, infekzioak sor ditzakeela.
Kartelak
Lau kartel mota jarriko dituzte herrian: Hori ez kaka, Kaka zapaldu dut, Puaj eta Aiiii mezuekin. Zazpi edukiontzi ere jarri dituzte auzoan zehar; gorriak dira eta tapatuta daude. Horrez gain, taberna eta komertzioetan kartelak itsatsi dituzte, eta triptiko bat ere banatuko diete txakurren jabeei informazio osatuarekin.
Igande honetan, bi ekitaldi egingo dituzte. 12:00etan txakurkros lasterketa (bakarrik erakusketa, ez lehiakorra) izango da bidegorritik, eta jarraian, 13:00etan, txakurren erakusketa. Hor asmoa da auzotarren euren txakurra erakustea, eta bukaeran, kanpainaren gaineko informazioa emango diete. Horrez gain, poltsa biodegradagarriak eta opari txiki bat ere jasoko dute.