Kirolari dagokionez asteburu mamitsua izango da Hondarribian. Bi proba handi egingo dituzte: bihar Hondarribiko VIII. Rallysprinta eta etzi Donostia-Hondarribia-Talaia mendi lasterketaren helmuga Harresilanda kalean jarriko dute. Horrenbestez, bihar eta etzi trafikoan aldaketak izango dira hirian. Horren xehetasunak eman ditu Hondarribiko Udalak.
Rallysprinta
- Bideari dagokionez, Pierre kalean hasi (Farolako igoeran), gero handik abiatuta tiro eremuko bidera joango da, eta bide horretatik Lujunea baserriraino iritsiko da, handik bidea jarraitu Artzuko bidegurutzera iritsi arte, eta han Guadaluperako bidea hartuko dute autoek. Guadalupen beheranzko bideari ekingo diote lehiakideek, Errandonea inguruan bukatzeko bidea.
- Higerreko itsasargira doan bidea itxita dago, izan zen luiziagatik. Inguru horretara ez hurbiltzeko eskatu diete ikusleei; gune hori itxita eta zaindua egongo da. Egokiena Guadalupe inguruan proba ikustea izango da.
- Lehen aipatu errepideak 14:00etatik 19:00etara itxita egongo dira (proba 15:30ean hasiko da).
- Hondartza inguruan hainbat aparkaleku antolatzaileentzat gordeko dituzte.
- Lasterketan parte hartuko duten autoak Itsas Etxearen atzean jarriko dituzte. Sarien banaketa Santiago kalean egingo dute.
Donostia-Hondarribia lasterketa
- Bihar (larunbata) Harresilanda kaleko ibilgailuak kenduko dira (bertan izango da helmuga igandean).
- Igandean, 11:30etik 14:00etara (gutxi gorabehera) Javier Ugarte kaletik Alde Zaharrera doazen ibilgailuen sarrera murriztuko da.
- Lasterketa Semisargatik Muliatera sartzen da, handik Tximista kalera, eta San Nikolas zubia zeharkatu ondoren, Alde Zaharrean sartuko da. Leiba Generala kaletik ezkerrera egin eta Denda kalera joango dira lasterkariak, Kale Nagusira jaitsi eta Harresilandan bukatzeko.