Ezker Anitza: "Bandera bat inposatzeak ez du esan nahi propiotzat onartzen denik"
Udaletxean Espainiako bandera jartzeko aginduaren aurrean, Ezker Anitzak adierazi du ez duela inongo banderen gerretan parte hartuko, baina era berean gaineratu du, inposizioa gaitzesten duela: “Ez gaude ados inposizioa ekartzen duen sententzia honekin”.
Zentzu horretan, PPren jarrera “arduragabea” dela esan du, eta “irtenbide bat zegoen tokian arazo bat” sortu duela: “Ahazten dute partekatzen ez diren sinboloek bakarrik zatiketa ekartzen dutela, eta inposizio bezala bizi direla. Bandera bat inposatzeak —kasu honetan, Espainiakoa— ez du esan nahi propiotzat onartzen denik”.
Errenteria-Oreretan, 1983an, irtenbide egokia eman zitzaiola banderen gaiari uste du Ezker Anitzak. Izan ere, udaletxeko fatxadatik kentzearen alde egin zutela adierazi du, eta horrenbestez, 30 urtetan banderen gaiak ez duela gatazka eta zatiketarik ekarri gaineratu du.
Garai politiko berrian, Errenteria-Oreretak sinbolo izatea lortu duela adierazi du, eta horrenbestez espero du kanpoko inposizioek gatazka edo zatiketarik ez sortzea.