Xabier Martin / Berria
Ezusteak ez dira baztertu behar Urnieta eta Irungo IAT zentroetako lan gatazkari buruz hitz egitean, baina oraingoan egia dela dirudi: akordioa lortu dute TUV Rheinland Ibericako langileen eta zuzendaritzaren artean. Bederatzi hilabeteko greba bukatuko da, eta astelehen goizeko 7:30etan itzuliko dira grebalariak beren lanpostuetara. Orduan zabalduko ditu ateak Urnietako IAT zentroak —itxita egon da udaz geroztik— eta Irungoa bere gaitasun osoarekin hasiko da —erdizka aritu da lanean—. Gipuzkoako ekialdeko eta erdialdeko milaka erabiltzailek eskertuko dute, ibilgailuaren azterketa egitera Bergarara edo Nafarroara (Iruñea, Doneztebe edo Arbizu) joan behar izan dute eta .
Atzo sinatzekoa zen herenegun Donostiako Precon aldeek lortutako oinarria, baina zuzendaritzak atzera egin zuen batzordeak azken orduko baldintza bat sartzea nahi zuelakoan. “Batzordeak beste baldintza bat jarri du, eta ezinezkoa izan da aurreko eguneko akordiorako oinarria sinatzea”, esan zuen atzo TUV Rheinland Ibericako zuzendaritzak. “Batzordeak ez du seriotasunik, eta erakutsi du ez duela benetako borondaterik akordio bat egiteko”.
Oso bestelako azalpena eman zion gertatutakoari batzordeko presidente Ketxus San Emeteriok. “Ez dute konpromisorik hartu nahi ituna betetzeko bermeekin. Lehen ez zegoen arazorik, eta orain bai”. “Gatazkak jarraitu behar badu, jarraitzeko prest gaude”, esan zion BERRIAri San Emeteriok. Enpresak ez zuen nahi akordioa lan itun gisa erregistratu, ez zuelako nahi “Espainia osoan” ikustea akordio hori posible zela; Precon soluzio bat eskaini zioten: lan hitzarmen gisa ez, baina Precoren arbitratze ebazpen gisa jasoko zen akordioa. TUV Rheinlanden zuzendaritzak baiezkoa eman zion aukera horri hasieran, harik eta atzo iritziz aldatu zuen arte.
Presazko bilera bat egin zuten aldeek atzo, baina emaitzarik gabe, eta gaur berriro elkartu dira, asteazkenean adostutakoari behin betikotasun izaera emateko gai diren ikusteko. Lortu dute itxura batean; ELAk esan duenez, akordioaren xehetasunen berri emango dute 16:30ean deitu duten prentsaurrekoan.
Batzordeak lan erreformaren zati kaltegarrienaz blindatzea du helburu, eta hori lortu duen arte grebari eusteko jarrera irmoa erakutsi du. Urnietako IAT zentroa luze gabe zabalduko dute, beraz, eta Irungoak gutxieneko zerbitzuekin jarduteari utziko dio.