Larunbatean egingo dute Hondarribiko Rallysprintaren VIII. Ekitaldia, Sardara Automobilismo Elkarteak antolatuta. Ikusleei Guadalupera igotzeko eskatu diete, inguru hartan daudelako proba ikusteko leku onenak. Komisarioen aginduak betetzeko, auzotarrak errespetatzeko eta mendia aurkitzen duten bezala uzteko esktu diete.

Gurrutxaga, Muñoz, Eizmendi eta Sagarzazu, probaren aurkezpenean
Larunbatean egingo dute Hondarribiko Rallysprintaren VIII. Ekitaldia, Sardara Automobilismo Elkarteak antolatuta. Atzo goizean egin zuten aurkezpena Ardora jatetxean eta bertan izan ziren Sardarako presidente Ion Muñoz, Txomin Sagarzazu Kirol zinegotzia, Euskadiko Automobilismo Federazioko presidente Angel Gurrutxaga eta Gorka Eizmendi pilotua, aurreko urteko ekitaldiko irabazlea.
Egoera ekonomikoa dena izanik, inoiz baino lan gehiago egin behar izan dutela onartu zuen Muñozek eta horregatik eskerrak eman zien babesleei, “bereziki aurten”. Krisiak krisi, parte hartze marka ondu dute antolatzaileek zortzigarren ekitaldirako. Orotara, 71 kotxek parte hartuko dute aurtengo rallysprintean eta horietatik 18 Sardarakoak izango dira. Faborito izan daitezkeen izen batzuk eman zituen Sardarako arduradunak: Eizmendi, “Subaru potentea duena”, Gorka Antxustegi Suzuki taldeko pilotu ofiziala Espainiako Txapelketan, Aingeru Castro Euskadiko Rallysprint Txapelketako liderra —Gabiriako proba irabazi zuen, Hondarribikoa bigarrena izango da— eta Ion Davoz, “Bartzelonatik etorria” Mitsubishi kotxe batekin.
Iazko irabazleak Hondarribira gustura etortzen dela esan zuen: “urte guztian erosoena sentitzen naizen karrera hau da. Oso ondo zaintzen dituzte pilotuak, antolakuntzan egiten duten esfortzuaz aparte”. Faboritoetako bat dela onartu zuen Eizmendik, baina begiak zeruan jarri zituen: “Eguraldi txarra emana dago larunbaterako eta tramoan erakutsi beharko da zein den onena”.

Muñoz, Sardarako presidentea
Proba ikusteko leku onena zein den galdetuta, Guadalupera igotzeko eskatu zuen Sardarako presidenteak, “publikoarentzat leku onena delako”, eta uneoro lasterketako komisarioei kasu egiteko eskatu zien herritarrei.
Babesleei bezala, erakundeei ere eskerrak eman zizkien Muñozek, batez ere Farolako errepidean izandako luizi handiaren ondoren egindako gestioengatik. “Beharrezko neurriak hartu ditugu eta proba egin ahal izango da, urteroko ibilbidearekin eta hori eskertu behar zaie erakundeei”, esan zuen.
Zaleei arreta eskatu diete
Kirol zinegotziak ere gogorarazi du Farolako bidea itxita dagoela: “Aurten are gehiago bisitariei esango zaie ez dagoela hori erabiltzerik. Ibilbideak leku erosoak eta oso finkatuak eskaintzen ditu eta horiek erabiltzeko eskatzen dugu”. Proba hasi aurretik, probak hartu duen “sendotasuna” eta Sardarakoen antolakuntza txalotu zuen Sagarzazuk, “ez baita inondik ere erraza horrelako maila eta parte hartzea duen proba bat antolatzea”.
Iaz gutxi gorabehera 10.000 bisitari mugiarazi zituen Hondarribiko Rallysprintak eta Euskadiko Federazioko presidenteak ikusle gehien lortzen dituen probetako bat dela nabarmendu zuen: “aurten marka izatea zerbaiten erakusle bada”. Ikusleei, baina, komisarioen esanei kasu egitea eskatu zien, “eta mendia aurkitu duten bezala uztea”.
Hondarribiko VIII. Rallysprinta
Ordutegia:
- 09:00-14:00. Egiaztapen teknikoak kirol kaian. Publikoak aukera izango du ibilgailuak ikusteko.
- 15:00. Lasterketa. 8,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute ibilgailuek. Minuturo aterako dira eta hiru aldiz egingo dute ibilbidea.
- 18:30. Lasterketa bukatzen dutenak Portu auzora jaitsiko dira eta han aparkatuko dituzte kotxeak, jendearen aurrean.
- 20:00. Sari banaketa, Portuan.
Proba ikusteko tokiak: Guadalupera igotzea eskatu dute, bertan aparkatu eta oinez joan. Kotxez, 13:00ak baino lehen igo behar da. Leku onenak Txantxangorriko jauzia, Kantinako bihurgunea eta Lujueneako bihurgunea dira eta denetara erraz iritsi daiteke oinez Guadalupetik.