Orkestra barrokoa eta Karnaba Otxotea, Trintxerpeko kaltetuen alde
Elkartasun hilabetea aurrera doa, eta larunbat honetan, hilak 22, kontzertu baten bidez bilduko dute dirua Trintxerpeko sutean kaltetutako lagunentzat. Taula gainera igoko direnak Donostiako Orkestra Barrokoa eta Karnaba Otxotea izango dira, Sergio Zapirainek zuzenduta.
Era berean, Ainhoa Franco soprano eta Trintxerpeko kontserbatorioko kantu irakaslearen laguntza izango dute. 20:00etan hasiko da emanaldia Fatimako parrokian. Kontzertu hori Niessen elkarteak antolatuko du.
Egitarauaren barruan izango dira, tartean, Jenkis, Bach eta Haendelen obrak, baita Francok kantatuko dituen Vivaldi, Haendel eta Pucciniren obrak.
Niessen elkarteak herritar guztiei egin die deialdia kontzertu horretara hurbiltzeko. Sarrera doakoa da, baina kaxa bat jarriko dute diru bilketa egiteko.