Irungo gobernu taldeak III. Berdintasun Planetik festa parekideen atala ezabatu du
Irungo Bilgune Feministak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EAEko hamarnaka berdintasun teknikarik salatu dute Irungo gobernu taldeak ezabatu egin duela Irungo III. Berdintasun Planetik jai parekideen puntua, hortaz, alarde parekidearen gaia bertan sartzea ekidin nahi izan du. Iazko ikasturtean garatu egin zuten plan hori Elhuyarrek gidatutako parte hartze prozesu baten bitartez —udalak kontratatu zuen Elhuyar—, eta bertatik ateratako ondorio eta irizpideekin plana osatu zuen, 14 puntukoa. Gaur salatu dutena da gobernu taldeak puntu bat kendu diola plan horri, “bere kabuz”, hain zuzen alarde parekideari zegokiona: “Prozesuan irregulartasun larriak gertatu dira. Gainera lau hilabetez galduta egon da plana, non zegoela ere ez genekiela”.
Irungo Bilgune Feministako kide eta Aukera taldearen izenean Oihana Llorentek esan duenez, Udalak Elhuyarrek egindako plana “politikoki eraldatu du, eta gainera aldaketaren berri eman gabe. Jai parekideei zegokion puntua zentsuratu egin zuen gobernu taldeak parte hartze prozesuan izan ginenoi pasatutako planean”.
Hala, Elhuyarrek landutako planaren diagnostikoan Alardeko gatazkaren berri ematen zela esan du Llorentek, eta hori kendu egin dutela, «kontraesankorra eta hipokrita da jai edo prostituzioa bezalako esparruetan berdintasuna lantzea ekiditea. Jakin badakigu gaiak ez direla xamurrak, baina inork ez du esan gobernatzea hala zenik”. Udalaren aldaketak irizpide politikoen araberakoak izatea ulertzen dutela aitatu du Bilgune Feministako kideak, baina horien berri ez ematea eta “ezkutaketan aritzea” salatu du. Horrela, udalak bere jarrera aldatuko ez balu, III. Berdintasun Plana Irungo emakumeen parte hartzetik garatutako plan teknikoa, “plan politiko eta partziala” izatera pasako zela esan du irundarrak, “eta garbi eduki kasu horretan ez dugula plan hau defendatuko. Planak ez luke baliorik izango”.
Desoreka “lotsagarria”
Bere aldetik, Urola Garaiko Berdintasun teknikari Aurora Iturriotzek EAEko 20 berdintasun teknikariren izenean hitz egin du gaur goizean San Juan plazan egin dute agerraldian, testua adostu dute. Udalaren jokaera salatu dute, eta festa parekideen puntua guztiz ezabatzea “herrian 18 urtez dirauen gatazka sozial eta kolektibo garrantzitsuena” berdintasun udal planifikazio tresnetan ez kontuan hartzea deitoratu egin du, eta esan du, Irungo udala jokaera horrekin emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean desoreka “lotsagarria” bermatzen ari dela: “Botere publikoek dute berdintasuna bermatzeko ardura. Alardean ematen diren bereizkeriak bukatzeko prozesuak gauzatu behar ditu udalak. Bestela iruzurra izango da berdintasun politiken bitartez bermatzen ari garena, bidegabea den egoera bati zilegitasun instituzionala emanaz”. Horrela, Irunen berdintasun politikak modu “zintzoan” garatzeko alardearen gaia lantzea “ezinbestekoa” dela esan du Iturriotzek.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Laura Gomezek, bestalde, garbi utzi du udalaren erabakiarekin “erabat desadostasunean” dagoela udalak hartutako “aldebakarreko hautuarekin: horrekin berdintasun politikak ahuldu, erridikulizatu eta hutsaldu egin ditu berdintasun politikak. Uko egin dio esku hartzeari benetako haustura soziala eragin duen gatazka batean, luzea eta mingarria, Irungo Alardearen gatazka, eta jaietan berdintasunean parte hartzeko aukeran”. Bestalde, udalak gatazka hori konpontzeko duen erantzukizunari uko egin diola salatu du Gomezek, “legitimatu eta justifikatu egin du emakumeek egitura sozialean duten menpeko papera”. Hala, Irungo Udalak “alarde sexista babestu eta aitortzen” duela nabarmendu du aldundiko kideak.
Bi eskaera zehatz egin dizkio aldundiak udalari. Batetik, hartutako erabakia alda dezala, eta bestetik aurten Alarde Parekideari harrera egin diezaiola alkateak, “modu honetara alkatea ez da kontraesanean sartuko, izan ere esaten baitu bi alardeak errepetatzen dituen alkatea dela”.
Emakunderen esku
Gaurko agerraldian esan dutenez, Irungo III. Berdintasun Plana Emakunderen eskuetan dago egun, hark eman behar dio oniritzia plenoan eztabaidatu aurretik.