EAJ Espainiako banderaren harira: "Bilduren udal gobernuak inposizioa onartzea erabaki du"
EAJren arabera, Espainiako bandera jartzera behartu du Madrilek Errenteriako Udala, udaletxeko toki esanguratsu batean. Talde jeltzaleak “erabakitze eskubidearen kontra eta udaleko alderdi politikoen kontra doan inposizioa” salatu du, eta halaber, Bilduren udal gobernua kritikatu du: “Epaitegietan helegiteak aurkeztu ondoren, inposizio hori onartzea erabaki du”.
EAJren bandera bakarra ikurrina dela esan du, eta gogorarazi du diktadurapean debekatua eta zapaldua izan zela ikurrina, eta ondoren ere, “EAJ mehatxatua, jarraitua eta iraindua” izan dela ikurrina defendatzeagatik. Aurretik ezker abertzaleak izandako jarrera ere aipatu du talde jeltzaleak: “‘PNV español’ esaten zigun, epaitegietatik zetozen erabakiak onartzeagatik, orain beraiek egingo duten bezalaxe”. Ildo horretatik bi galdera bota ditu: “Non dago orain ezker abertzalearen desobedientzia zibila? Orain ezker abertzalea udal gobernuan dagoelako ez al da tokatzen?”.
Ezker abertzaleak alderdien babesa eskatu duela esan du EAJk, “lotsak estaltzeko”. Hala, herrian antolatu dituzten ekintzetan ez duela ez babestu ezta parte hartuko ere adierazi du, “ikurrinaren erabilerarik ez dugulako onartuko ezta antzezpen horretan parte hartuko ere”.
Azkenik, Gurea ikurrina jartzen duen eta agerian egongo den plaka bat jartzeko galdegin dio udalari.