Ontziratu Zaitez kanpainan 7.500 erosketa egin dira ontziarekin
“Herritar kopuru batentzat ohitura bihurtu da erosketak ontziarekin egitea”. Ontziratu Zaitez kanpainatik ondorio hori atera dute horren sustatzaileek: Kutxa Ekoguneak eta Errenteriako Udalak.
Joan den urteko ekainean herriko hainbat puntutan 7.000 ontzi banatu ondoren, gutxienez, 7.500 erosketa egin dituztela ontziarekin jakinarazi dute, eta hilabetez hilabete kopurua pixkanaka igo den arren, mantendu egin dela.
Bi erakundeek balorazio ona egin dute, baina oraindik ere erosketak era horretan egiten dituzten herritarrak gutxiengoa direla esan dute: “Espero dugu datozen hilabeteetan ohitura hori errotzen joatea; izan ere, erosketa erosoago bihurtzen duen ohitura bat da”.
Hondakin gutxiago ere sortzen dira, modu horretara. “Ontziarekin egiten den erosketa bakoitzeko 7 gramo paper aurrezten dira, eta poltsen erabilpena %75 murrizten da”, jakinarazi dute. Horrenbestez, uztailetik urtarrilera 53 kilo paper eta ia 6.000 poltsa gutxiago erabili direla kalkulatu dute.