Txoko Feministaren aurrean elkartu dira erailketa salatzeko
Matxismoak hiltzen du. Eraso gehiagorik ez! lelopean, hainbat oiartzuar Txoko Feministaren aurrean bildu dira
Andina Pereiraren hilketa salatzeko. “Basakeria matxistak eragindako hilotzen aurrean gure mina eta amorrua aldarrikatu nahi dugu”, nabarmendu dute.
Datuak ere gogorarazi dituzte. Euskal Herrian izandako lehen hilketa izan bada ere, Espainiako Estatuan hamahiru emakume hil dituztela gogoratu dute. “Horiek dira ezagutzen ditugun datuak. Frantziako Estatuak matxismoak eraildako emakumeekin kontaketa berezirik ez du egiten, horrelakorik ez dela sinistarazteko”.
Indarkeria matxistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen duela nabarmendu dute, “emakumeon erailketak ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbideratutako eta sustatutakoak dira”.
24 ordura erantzuna
Herritarrak horrelako gertakariak izatean elkarretaratzera gonbidatu dituzte. Hala, Euskal Herrian gertatzen direnean, Doneztebe plazan egingo dira elkarretaratzeak 19:30ean, albistea prentsan agertu eta 24 ordura.