Irungo Udalaren euskara plan berrian erabilera izango da erronka
Otsailaren 26ko udalbatzarrean onartu zuten Irungo Udaleko zinegotziek 2013-2017 epealdirako Irungo Udalean Euskara Normalizatzeko Plana. Alkateak nabarmendu du horren aplikazioaren helburu nagusia izango dela udalaren barruko euskararen erabilera indartzea, “langileen hizkuntza gaitasuna eguneroko lanean islatzen asmatu nahi dugu, euskara lanerako hizkuntza normala bilakatzea nahi dugu baldintzarik aldekoenak dauden harremanetan”.
Udalak esan du helburu horiek lorgarriak eta adostuak direla. Horrela, tarteko helburuak eta eta helburu horiek erdiesteko zein bitarteko behar diren zehaztuko dituzte udaleko arlo eta unitate administratibo bakoitzaren egoera kontuan hartuz. Udalak esan duenez, onartuta dituen hizkuntza irizpideen arabera, ” argi eta garbi zehazten da zein hizkuntza erabili komunikazio mota bakoitzean, ahoz eta idatziz, herritarrekin, beste administrazioekin, eta udalaren barruan”.
Horrekin lotu dute Siadeco enpresarekin elkarlanean iaz egin zen euskararen erabileraren ikerketa. Horren arabera, udaleko 10 langiletik 6 elebidunak dira, eta planean orain sartuko direnen artetik %83 euskaraz mintzatzeko gai dira, eta %64 hitz egiteko eta idazteko. Hortaz, ikerketa horren arabera langile bakoitzak euskararen alorrean zein urrats egin hala duen aztertu ondoren, noraino iritsi zeta zer laguntzarekin aztertuko da.
Fernando San Martin Euskara ordezkariak ezagutarazi du Euskara Arlotik laguntza guztia izango dutela langile horiek euren jardunean, eta udaleko arlo bakoitza bere euskara planaren sustatzaile eta dinamizatzaile izango dela, “adostasun handiarekin diseinatutako plana da, eta adostasun hori baliatu nahi da orain”. Egitura berria ere ortu dute horri guztiari jarraipena egiteko, Irungo Udalean Hizkuntza Ofizialen Erabilera Kudeatzeko Batzordea: alderdi politikoetako ordezkariek, sindikatuetako ordezkariek eta udaleko arloetako ordezkariek parte hartuko dute bertan.