Eskalerillasen igogailua jartzeko eskatu du EAJk
Pasaiako EAJk mozio bat erregistratu du gaur goizean udaletxean, udal gobernuari eta alkateari Herrera eta Ospitaletxoko kotaren arazoari irtenbidea emateko eskatuz. Oterminen aburuz, aipatu eremuak “irisgarritasun arazo larria du”. EAJk nabarmendu duenez, “umeen kotxeek, gurpildun aulkiek edota mugikortasun urriko pertsonek ia ezinezkoa dute bertatik Trintxerpera jaistea”, tartean eskailerak baino ez daudelako. Pasaitarrek arazo hau pairatzen urteak daramatzatela gogorarazi du EAJk eta inork irtenbiderik ez diola eman salatu dute. “Herrera eta Ospitaletxeko kota desberdintasuna konpontzeak eta irisgarritasuna bermatzeak, pasaitarren bizi kalitatea” hobetuko duela iritzi diote jeltzaleek, eta horretarako igogailu bat eraikitzea proposatu dute. “Igogailua proposamen bat besterik ez dela, garrantzitsuena, igogailu bidez izan hala ez, Herrera eta Ospitaletxoko irisgarritasun arazoari irtenbidea ematea eta beharrezko obrak egitea da” gaineratu du jeltzaleen bozeramaile Nahikari Oterminek.