Elkarretaratzera deitu dute Mungiako erailketa salatzeko
Oiartzungo Mugimendu Feministak eta emakume taldeak elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak Mungiako erailketa salatzeko. Elkarretaratzea Txoko Feministan (Doneztebe plazan) izango da gaur, 19:30ean. Oiartzungo Udalak bat egin du deialdiarekin: “Garbi izan behar dugu horrelakoak ezin direla gertatu gure gizartean eta horregatik, horien kontrako borrokan gure konpromiso tinkoa berretsi nahi dugu, udal langile eta ordezkari gisa. Eta maila bereko konpromisoa eskatu nahi diegu bai gainerako erakundeei eta baita herritarrei ere”. Era berean, emakumearen familiari elkartasuna adierazi diote.
Herenegun aurkitu zuten emakumearen hilotza, Mungian (Bizkaia), eta bikotekide ohia atxilotu dute. Gizonak genero indarkeriagatik aurrekariak zituen, baina aurrez beste bikotekide batekin izandako harremanean izan ziren. Biktimak ez zuen inoiz salaketarik jarri.