Tiro eremua desegitea “premiazkoa” dela iritzi dio talde ekologistak, Kontserbazio Bereziko Eremuaren helburuekin bateragarria ez delako. “Tiroa eta ariketa militarrak ez dira bateragarriak kontserbazio helburuekin, oraingoan ere argi geratu den bezala”, berretsi du Eguzkik. Tiro eremua eraitsi bitartean, prebentzio neurriak hartu beharko liratekeela uste du talde ekologistak, eta zentzu horretan, “protokolo zorrotza eta eragingarria” ezartzeko eskatu diete eremuaren erantzuleei. Hori egin ezean, praktikak debekatzeko eskatu du Eguzkik.
Aurrekoa astelehenean Jaizkibelgo eremu babestuan sutea sortu zutenen kontrako salaketa jarri du Eguzkik Fiskaltzan. Ustez, Guardia Zibilak piztu zuen sua, tiro eremuan praktika egiten ari zirela. Bengala batek piztu zuen sua eta 5,5 hektarea ote erre zituen.
Eguzkik sutearen gaineko informazioa biltzeko eskatu dio Fiskaltzari, ondoren egon daitezkeen erantzukizun penal zein zibilak argitzeko.

Sutea Jaizkibelen