
Zigor Goikoetxea, Aiora Perez de San Roman eta Oihan Tello, gaurko agerraldian
Donostiako Auzitegiak Martin Beramendi alkate izan zeneko tartean (2003/2007 legealdia) “
delitu zantzuak” aurkitu ditu eta ahozko epaiketa egingo duela jakinarazi zuen joan den astean. Horren haritik, Oiartzungo Udala pozik agertu da, gertatutako argitzeko bide emango duelako. Goizean komunikabideen aurrean agertu dira Aiora Perez de San Roman alkatea eta Oihan Tello eta Zigor Goikoetxea zinegotziak eta euren iritziz, oiartzuarrek udal kudeaketa “gardena” eta euren dirua “arduratsuki” kudeatzea merezi dute.
2007 eta 2010 urte bitartean Ikerketa Batzordea martxan egon zen eta horrek egindako ikerketen arabera, Beramendiren legegintzaldian alkatetzak 183.600 euro gastatu zituen protokolo eta ordezkapen gastuetan, horietako 62.700 euro (“10.000 euro igande eta jaiegunetan”) otordutan “luxuzko jatetxetan”.
“Horrelako gauzak agian ez dira legearen aldetik delitu, baina gure ustez ez da zilegi herritarren diru gisa horretan xahutzea”, adierazi dute agerraldian. Bide horretatik, aurreko legegintzaldian martxan jarri zen Kode Etikoa ekarri dute gogora. Horren eraginez, hileroko udalbatzarretan protokolo gastu guztien zein udal lanetarako hautetsiek egiten dituzten ordezkapenen berri ematen da. Legegintzaldi honetan orain arte gastatutakoaren berri ere eman dute; hala, 2011ko ekainetik 2014 urte hasierara arte 5.106,94 euro gastatu dira protokolo gastuetan eta ordezkapen gastuetan. “Gardentasun eta etika irizpide” horiekin jarraitzeko konpromisoa hartu dute.