"Tokiko hautetsien sinesgarritasuna indartzeko", kode etikoa aurkeztu du Jose Antonio Santanok
Irungo alkateak gaur aurkeztu du Irungo Udalaren Jarduera, Gobernu On eta Erakunde Kalitaterako Kodea, kode etikoa bezala ezagunagoa. Udaleko lana egiterakoan “tokiko hautetsien sinesgarritasuna indartzeko” arau sorta dela esan du alkateak, eta EUDELek abian jarritako egitasmoaren barruan dagoela, betiere Irunera moldatuta. Hurrengo udalbatzarrera eramango du gaia alkateak, onar dadin, oraindik proposamena baita. Alkateak gogorarazi du legealdi hasieran Udal Etika Laguntzeko Dekalogoa egin zuela.
Alkateak esan du EUDELen barruan, “krisiagatik eta korrupzio kasuengatik” denbora zeramatela horrelako araudiak osatzeko nahiarekin, herritarren konfiantza maila tokiko politikoetan jaisten ari zelakoan. Horrela, Irunek, beste 14 udalerrirekin, kode hori ezartzeko bidean parte hartu du —Jose Antonio Santanok egitasmo hori Europako Parlamentuan aurkeztu zuen, besteak beste—. Horrez gain, gaiaren berri udaleko bozeramaileen batzordean eman zuen, eta horren ondoren zirriborroa egiteko prozesua abian jarri zen. Ahalik eta adostasun handiena lortu nahi du zirriborroarekin beste alderdien artean.
Zirriborro horren barruan hainbat neurri aipatzen dira, besteak beste, “gardentasuna, lan egiteko modu eredugarria, interes publikoa eta zintzotasuna”, baita zinegotzien jarduerari mugak ezarri ere, “interesen araberako gatazkak ekiditeko, informazioa eman behar ez denean ez emateko, edo laguntasun praktikak ezabatzeko”.