Otsailaren 26ko udalbatzarrean lau kaleri izena aldatzea erabaki zuen Irungo udalbatzarrak, frankisten izenak kendu eta beste lau jartzeko, horietatik hiru emakumeen eskubide, borrokaldi eta jarduerekin harremana zutenak. Horrek hainbat administrazio kudeaketa egin beharra eskatzen du, udal barrukoak, eta kanpokoak, kale horietan bizi diren herritarrei eman beharreko laguntza kasu.
Zentzu horretan, udalak lau kale horietan bizi diren herritarrei eskutitz bana bidaliko die, kaleen izen aldaketa ofizialki jakinarazteko, eta udalbatzarra geroztik eman diren urratsen berri emateko. Zentzu horretan, Pedro Alegre Gizartearen Informaziorako eta Herritarren Partaidetzarako ordezkariak esan du udala jada hasi dela euren data basean herritar horien helbideak aldatzen, “eta horregatik bizilagunen esanetara gaude, bestelako argibiderik balute guri esateko”.
Udalak herritarrei bidaliko dien gutunean ere agertzen da kaleen izen berriak bestelako erakunde publikoei emango zaiela (ogasuna, Osakidetza, trafikoa, NAN zerbitzua…), baita erakunde pribatuei ere (banketxeak, aseguru etxeak, elektrizitate eta gas konpainiak, telefonoko konpainiak…). Baina bizilagunei esan diete komenigarria dela eurek kaleen izenean aldaketak egin direla baieztatzea erakunde horietan, segurtasuna erabatekoa izan dadin.
Edozein zalantza argitzeko 010era dei daitekeela esan du udalak. Informazioa
udalaren webgunean ere badago.