Ebroko Konfederazio Hidrografikoak isuna jarri dio Txinzerri, Endara errekaren "emari ekologikoa ez errespetatzeagatik". Eguzkiren arabera, errekako ura desbideratu eta itsasora bota zuten, San Anton urtegiaren ur maila %80tik behera jaitsiaraziz, maila horretatik behera Jaizkibeleko zundaketak martxan jarri daitezkeelako.
Alkain, eskualdeko ur kudeaketa sistema azalduz
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak isuna jarri dio Txingudiko Urak erakundeari, ez duelako errespetatu Endara errekaren emari ekologikoa. Eguzki Bidasoak jarritako salaketari modu honetan, zigorrarekin, erantzun dio Konfederazioak eta salaketa jarri zuen Eguzki Bidasoako kide Anjel Alkainek gogoratu duenez, “lehenago ere jaso ditu Txinzerrek honelako isunak”. Iazko azaroaren 28ko data du ebazpenak eta abenduaren 12an eman zitzaion horren berri Eguzkiri, zigorra zenbatekoa den zehaztu gabe. Hori bai, zigorraren ondoren errekak berriro ere ura daramala jakinarazi zuen Alkainek.
Irunen eta Hondarribian kontsumitzen den ura San Antongo urtegian jasotzen da eta bertara iristen da Endara erreka. Konfederazioko Uraren Komisarioaren iritziz demostratuta geratu da Txinzerrek Endarako emaria moztu zuela, ura Domikoko ubide artifizialetik Irugurutzetako hidroelektrikora desbideratuz. Hidroelektrikaren erabilpenerako Konfederazioak Txinzerreri emandako baimenean zehazten da Endarako emari ekologikoa bermatu behar dela, eta hori ez betetzeagatik zigortu du.
Joan den astean eman zuten zigorraren berri, Jaizkibel Mendia Babestu Dezagun taldeak bere burua aurkezteko Hondarribiko Zuloaga Etxean emandako prentsaurrekoan. Talde berriko hainbat kide elkartu ziren agerraldian, horien artean Alkain, Juan Ortiz Bilduko zinegotzi ohia, Irati Amunarriz eta Ortzi Alonso. Alonsok egin zuen taldearen aurkezpena eta eskualdeko ur horniduraren kudeaketaren kontra azaldu zen eta, zehazki, Jaizkibelen Txinzerrek eraikitako zundaketek mendian eragin dezaketen kalte ekologikoa aipatu zuen.
Talde berriaren aurkezpena
Alonsoren hitzen ondoren Alkainek azaldu zuen Txinzerrek jasotako zigorraren jatorria. Eguzkiko kide bezala Alkain izan zen, hain zuzen ere, erakunde publikoak Jaizkibelen eraiki zuen azpiegitura beharrezkoa ez zela erakusteko ikerketa egin eta hainbat salaketa jarri zutenetako bat, eta joan den astean horixe berretsi zuen: zundaketak ez direla behar eta horiek justifikatzeko Txinzerrek datuak faltsutu eta legez kanpoko jarduerak burutu dituela. Iazko urrian kudeaketa ilun hori agerian uzten zuen
Urak ez dira hain gardenak goiburuko erreportajea argitaratu zuen Oarso Bidasoko HITZAk.
Zundaketak justifikatzea xede
2010an Txinzerren eskaerari erantzunez, Uraren Euskal Agentziak ebazpena idatzi zuen, besteak beste, San Antongo urtegiaren ur kopurua %80tik jaisten bada Jaizkibeleko zundaketak erabiltzen hasteko baimenduz. Alkainek adierazi zuenez, %80tik jaisteko Endarako errekaren emaria moztu zuen Txinzerrek, Irustako hidroelektrikara doan Domikoko ubidetik urak desbideratuz. Hori, hidroelektrika itxita zegoenean egin zutela gehitu zuen, hau da, Endarako ura desbideratu eta zuzenean itsasora bota zuten, horrekin urtegiaren maila %80tik jaitsi zen arte —%79,88 urriaren 28an, Txinzerrek berak emandako datuen arabera—.
Eguzki Bidasoak hainbat salaketa jarri zituen eta salaketa horietako bati erantzunez Ebroko Konfederazio Hidrografikoko ur komisarioak zigortu du Txinzer, “Endarako ur emari ekologikoa ez errespetatzeagatik”.
Jaizkibel Mendia Babestu Dezagun taldeko kideek aurreratu zuten datozen asteetan agerraldi gehiago egingo dituztela, zundaketen aferan berritasun gehiago azaltzen diren heinean. Gainera, Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateari bilera bat eskatu diotela eta udalean ere Agenda 21 egitasmoan parte hartzen hasteko eskaera egin dutela gaineratu zuen Ortzi Alonsok.