Arretxe gainean dagoen Gordailuari balioa eman eta bertan daudenak herritarrei erakutsi asmoz programa berezia abian jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aldundiaren eta San Telmo museoaren 36.000 objektu eta gai daude bertan, koadroak, eskulturak, zeramikak, gai arkeologikoak, eta horiek azaltzeko arrazoia da Gipuzkoako ondarearen garrantziaz sentsibilizatu, eta museoek egiten duten pedagogia lana bultzatzea.
Gaur goizean egin dute agerraldia horren berri emateko Garazi Lopez Etxezarreta aldundiko Kultura zuzendariak eta Ikerne Badiola aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak. Esan dutenez, Gordailua ez da berez museo bat, baina bertako “edertasun eta jakinduria” herritarrei helarazi nahi diete, hainbat jardueraren bidez. Herritarrentzat nahiz adituentzat izango dira jarduera horiek, eta lehena hilaren 22an izango da (larunbat honetan), eta maitzaren 17an eta azaoraren 15ean bezala, ibilbide interaktiboa egingo dute kultur ondarearen egoitzatik honen funtzionamendua eta bertan daudenak ezagutarazteko.
Bestalde, urtean zehar gai jakinen inguruko zazpi hitzaldi egingo dituzte:
- Martxoaren 29an, Laiaren gaineko hitzaldia.
- Apirilaren 26an, Untzi Museoaren bildumaren gainekoa.
- Maiatzaren 10ean, San Telmo museoaren bildumarena.
- Ekainaren 21ean, San Juan festaren gainekoa.
- Irailaren 6an, Erromatar garaiko egurrezko piezena.
- Urriaren 11n, arte ederretako bildumarena.
- Abenduaren 13an, Gipuzkoako alabastro ingelesen gaineko hitzaldia.
Bestalde, profesional eta adituentzat arkeologiari buruzko programa zehatza ere egingo dute urtean zehar, aldundiak, Arkeolanek eta Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatua, eta ikastetxeei zuzendutako Arkeologiaz Blai! egitasmoaren barruko saioak ere egingo dituzte.
Azkenik, aldundiko kideek esan dute, Gordailuako jarduerekin herrialdeko museoen sarea indartuko dela, bai koordinazioan zein kudeaketan.