Hondarribiko nagusien hiru futbol taldeek galdu dute asteburuan
Ohorezko Mailkakoak etxean galdu du Ostadarrekin (1-3), Lehen Erregionalekoak Getarian Ketaren aurka (2-1) eta nesken taldeak Antigua Luberrirekin (1-2), Hondartzan.
Ahazteko moduko asteburua izan dute Hondarribia Futbol Elkarteko nagusien mailako taldeek, hirurek galdu baitute: Ohorezko Mailkakoak etxean Ostadarrekin (1-3), Lehen Erregionalekoak Getarian Ketaren aurka (2-1), eta neskek Antigua Luberrirekin (1-2), ondartzan
Lehen taldeak Lasarte-Oriako Ostadarrekin galdu zuen larunbatean Hondartza zelaian (1-3), baina 11. postuari eutsi dio, atzetik segika dituen Bergarak eta Beti Gaztek euren partidak berdindu zutelako. Atzetik zazpi talde dituzte, baina hori baino arriskutsuagoa da jaitsierako azken postua hiru puntura dagoela—Preferente Mailara hiru lau talde jaisten dira, edo lau 3. Mailatik Gipuzkoako bi talde jaitsiz gero—. Hortaz, datozen jardunaldietan ahal dituzten puntu gehienak pilatu beharko dituzte hondarribiarrek, heldu den asteburutik hasita.
Zortzi jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko —bederatzi partida Hondarribiari, Aurreraren kontrakoa atzeratu zelako—. 27. jardunaldian aurkari zuzen baten etxean jokatuko du taldeak, Bergaran. Sailkapenean puntu bat azpitik dago Bergara eta bost asteburu darama irabazi gabe. Ea seigarrena ere iristen den.
Oraindik igoera postuetan
Lehen Erregionaleko taldeak 2-1 galdu zuen, baina bigarren postuari eutsi dio, hirugarrenaren eta laugarrenaren arteko lehia berdinketan bukatu baitzen. Hondarribiarrak bigarren multzoan daude —bi multzo dira—, eta igoera fasea bigarren postuan bukatzea dute helburu, multzo bakoitzeko lehen biak igoko baitira Preferentera.
Igoera fasea bukatzeko zazpi partida falta dira eta Beasainek hanka eta erdi du lurraldeko bigarren kategorian, Hondarribiari zortzi puntu ateratzen baitizkio (27 Beasainek, 19 Hondarribiak). Berdeen aurkaririk nagusienak Pasaia (17 puntu) eta Iluari Irauli (16) dira, baina Ketak (15) eta Mutrikuk (14) oraindik aukerak dituzte.
Heldu den asteburuan, hain justu, Mutrikuk bisitatuko du Hondartza. Irabaziz gero, bigarren postuari eutsiko lioke Hondarribiak eta aurkari bat gutxiago izango luke helburua lortzeko. Pasaiak Ketarekin jokatuko du eta liderrak eta Iluarik partida errazagoak dituzte.
Neskak, etorkizuna lantzen
Eta neskek Antigua Luberrirekin galdu zuten, larunbatean Hondartzan, 1-2. Liga amaituta, Kopa jokatzen ari da nesken Hondarribia taldea eta orain arteko lau partidetatik hiru galdu eta bat berdindu dute. Iaz ez zuten talderik aurkeztu eta aurten gazte eta kadete mailetako jokalariekin osatu dute, adin nagusiko nahiko neska ez baitzeuden. Eta adinean dagoen alde hori nabaritzen ari dira.
Hasierako urduritasunak ahaztuta, lan txukuna egiten ari dira hondarribiarrak eta, eutsiz gero, urte gutxitan maila guztietan lehiatzeko aukera izan dezakete, haurren mailan bi talde baitituzte.