Hilaren 30ean, igandea, IRT (
in real time, batera) lasterketa solidarioa egingo dute hainbat herrietan aldi berean, Abay-Nilo Azul GKEak Walmaran (Etiopia) eraiki nahi duen kirol eskolaren alde. Hondarribian, Abay eta Sport Mundik bat egin dute antolakuntzan eta udalak ere laguntza eman du. Joan den ostiralean aurkeztu zuten ekitaldia udaletxean, eta bertan izan ziren Maite Pelaez Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta Iñaki Astudillo, Abayren izenean.
Hamar kilometroko lasterketa bat egingo dute, edo batzuk hobe esanda, denal aldi berean eta denetatik irtengo da irabazlea. Espainiako Estatuko hainbat herrietan egingo dira lasterketa horiek eta Euskal Herrian korritu nahi duenak Hondarribian egin beharko du, beste inon ez baitute antolatuko.
Astudillok, kirol probaren nondik norakoak azaldu zituen: “Walmaran egingo da, eta aldi berean beste zenbait hiritan ere bai. Korrikalari guztiak batera aterako dira, beraz lasterkari guztien arteko lehia oso handia izango da. Hala, garaile absolutu bat izango da, eta horrez gain tokian tokiko irabazleak ere bai”. 2,7 kilometroko lasterketa laburra ere antolatuko dute, familientzat.
80 haur baino gehiago
Walmarako eskolako haurrak
Kirol eskola eraikitzen ari da Abay Walmaran, eta dagoeneko 80 haur eta gazte baino gehiagorentzako lekua dutela azaldu zuen erakundeko ordezkariak: “Ekimen solidario honetan parte hartzen dutenek Walmarako kirol eskolen programari emango diote jarraipena, izan ere horixe da gure helburua, dortsalaren prezioa proiektu horretarako erabiltzea. Proiektuak 80 ume eta gazte baino gehiago kirolean aritzea lortu du, bai atletismoan, bai futbolean eta bai boleibolean. Orain Walmaran aisialdi osasungarria izateko aukera dute, eta kirola egin eta gero dutxa hartu eta merienda jasotzen dute”.
Pelaez zinegotziaren iritziz, elkartasuna eta gizarte justizia bateratzen ditu IRT lasterketak eta horregatik udalak bat egin du probarekin. “Udalkk herritarrak, familia osoak parte hartzera deitu nahi ditut ekimen eder honetan. Sarrera eta helmuga kirol kaian izango da, eta ibilbide osoa laua izango da, denek parte har dezaten”, gehitu du Pelaezek.
Lasterketari edo proiektuari buruz gehiago jakiteko bisitatu haien
webgunea.