SOS Pasaia Trintxerpe plataformak lanean jarraitzen du Trintxerpeko Urtezaharreko sutean kaltetutakoen aldeko elkartasuna eten ez dadin. Orain arte 107.000 euro lortu dituzte, baina beharra handia da, eta elkartasuna eten ez dadin jarduerak antolatzen jarraitzen dute. Horien guzten berri gaur eguerdiko prentsaurrekoan eman dute.
Asteburu honetarako, esaterako, Elkartasun Azoka antolatu dute Ziriza etxean, jendeak kaltetuen alde emandako guztia merke-merke salgai jarri eta dirua biltzen jarraitzeko asmoz. Adin guztietako pertsonentzako arropa, ontziak, altzariak, jostailuak, garbiketa produktuak… denetariko produktuak jarriko dituzte salgai. Izan ere, kaltetutakoen aldeko laguntza uholdea hain izan zen handia lehen egunetan, ezen produktu piloa pilatu dituzte. Kaltetuen beharrak asetuta, orain soberakin horiek guztiak saldu eta dirua bildu nahi dute kaltetuei emateko. Elkartasun azoka Ziriza etxean egongo da eta gaur zabalduko dute, 17:00etatik 20:00etara. Bihar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta igandean, 11:00etatik 14:00etara.
Plakak eta bakarrizketak
Bestalde, gaur aurkeztu dute datorren hilaren 22an eskualdeko zapi artistek landu duten bakarrizketen saioa. Bidebietako Kontadoresen izango da, 19:30etik aurrera. Ikuskizunean ondorengo aktoreek parte hartuko dute: Ruben Arrospide, Santi Calzada, Jon Martinez
Txiki, Aitor Navarro, Javier Ruiz, Mario Simancas eta Esther Uria. Txartelak 3 euro balio du, eta horrez gain borondatea jasoko dutela iragarri dute.
Horrez gain, Mari Luz Etxaniz ilustratzaileak sortutako marrazki batekin atondu duten plaka banatzeari ekingo diotela iragarri du plataformak. Kaltetuak lagundu dituzten, elkarte, talde eta norbanakoei emango diete aipatu plaka. Lehendabizikoa Realari eman diote, eman dituen 30.000 euroak eskertzeko. Beste plaka batzuk, tamainan txikiagoak, salgai jarriko dituzte, 15 euroan. Aipatu plakak ondorengo establezimenduetan eros daitezke:
Trintxerpen: Illumbe burdindegia; Manuel Escudero harategia; Mecano argazki denda: Alcibar kristaldegia; Tomas taberna.
San Pedron: Alkartetxean; Begihaundi tabernan eta Antxeta elkartean
Antxon: Kitchen Aguirrebeña dendan eta Visual Grafikk-en.