Kontsumoari lotutako kartelen eta mezuen lehiaketako sariak gaur emango dituzte Irunen
Hilaren 15a Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Eguna denez, gaur bertan emango dituzte udaletxeko areto nagusian kontsumoari lotuta Irungo Udaleko Kontsumo Zerbitzuak antolatutako Mikromezuen eta Kartelen VI. Lehiaketako sariak. 18:00etan hasiko da ekitaldia.
Hiriko ikastetxeetako ikasleek landu dituzte kontsumoari lotutako mezuak bi euskarri horiekin, eta denera, 198 lan aurkeztu dira kartel eta mikromezuen artean. Hortaz, Pedro Alegre Informazioaren Gizartea Saileko ordezkaria pozik agertu da parte hartzaileen kopuruarekin. Eta gai bati lotuta egin dituzte lan horiek: Internet eta gizarte sareak: gaur esaten duzuna bihar ikusiko duzu.
Atal bakoitzeko irabazleek jasoko dituzte sariak, eta epaimahaiak, bestalde, 15 akzesit emango ditu. Super Amarak, Alcampok eta Txingudi Merkataritza Guneak babestu dute lehiaketa.