Arkitekturaz gain gastronomia ere landuko dute Ondareen II. Foroan
II. Hondarribia Ondareen Foroa aurkeztu zuten atzo Arma Plaza Interpretazio Zentroan. Hilaren 18tik 29ra garatuko dute eta Arma Plaza Fundazioak antolatu du. Bigarren ekitaldian izena aldatu diote jardunaldiei, iaz ondarearen foroa izan zelako eta aurten ondareena. Aitor Kerejeta alkateak azaldu zuen arrazoia, hots, aurten foroak bi arlo landuko dituela, “ondare tangiblea eta ondare ukiezina”. Alkatearekin batera, Alberto Ustarroz eta Manuel Iñigez EHUko arkitektu katedradunak, Miren Aierbe fundazioko kudeatzailea eta Gorka Txapartegi Alameda jatetxeko sukaldaria izan ziren.
Bigarren horrekin hasiko dira jardunaldiak, asteartean, gastronomiarekin. Kolonbiatik hainbat sukaldari etorriko dira Hondarribira, —Bogota hiriburutik, Popayan herritik eta Karibetik—, eta herriko sukaldariekin batera ariko dira sukaldean. Txapartegik aurreratu zuen dagoeneko hasi direla menuak prestatzen. “Haien teknikak, produktuak, oso interesgarriak dira guretzat. Bi kulturen arteko lokarri bat ezartzea oso inportantea da, gauza asko konpartitu ditzakegulako”.
Alamedako chef-aren ustez, Ondareen Foroa aukera ona da herriko gastronomiari bultzada emateko. “Bidea ez da erraza izango baina Hondarribia sustatzeko orduan gure ohiturak ezagutarazi behar dira”, gaineratu zuen. Kolonbiako Popayan herria UNESCOren hiri kreatiboen sarean dago, gastronomiaren atalean, eta Hondarribia sare horretan egoteko lanean egingo dutela azaldu zuten prentsaurrekoan.
Gastronomiari dagokionez, bi jarduera mota antolatuko dituzte foroan, hitzaldiak eta afariak. Hilaren 18an eta 19an hitzaldi bana emango dituzte Kolonbiako sukaldariek, Klink eta Goxoki elkarteetan, eta 21, 22 eta 23an afariak prestatuko dituzte, hurrenez hurren, Alameda, Jaizkibel eta Hondar jatetxeetan.
San Nikolas baluartearen zaharberritzea aztergai
Eta bigarren astean, hilaren 24tik 29ra, ondare arkitektonikoa izango dute hizpide Ondareen II. Foroan. Aste osoan zehar unibertsitateko ikasleak Kultur Etxean bilduta egongo dira, San Nikolasen baluartea eta Madalenako kuboa birgaitzearen inguruan eztabaidatzen. Arratsaldean, aldiz, hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira egoitza berean, Barcelona, Baiona, San Juan de Puerto Rico, Cartagena de Indias, Ciudad de Panama eta EHUko adituekin, astelehenetik ostegunera, egunero.
Alberto Uztarroz arkitektoarentzat, “garrantzitsua da urtero foroak balio akademikoa izango duen workshop [tailerra] bat”. Izan ere, Arma Plaza Fundazioak eta EHUk sinaturiko hitzarmenari esker, Eraikitako Ondarearen Zaharberritzea eta Kudeaketa Osoa izeneko masterreko sei ikasle dagoeneko ari dira zaharberritu behar den harresiaren hurrengo zatiaren gainean lan egiten. Kerejetak gehitu zuenez, “helburua Hondarribian egoitza izango duen Ondare Mugakideen Katedra Transozeanikoa sortzea da, UNESCOren barruan”.
Euskal Herriko Unibertsitateaz gain, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak, Puerto Ricoko Unibertsitate Politeknikoak, Bogotako Jorge Tadeo Lozano Unibertsitateak eta Panama hirian dagoen Amerika Latinoko eta Karibeko ISTHMUS Arkitektura eta Diseinu Eskolak parte hartuko dute Hondarribiko II. Ondareen Foroan.