Ondareen II. Foroaren aurkezpena gaztelania hutsean egin du udalak
Hilaren 17tik 29ra ospatuko dute Ondareen II. Foroa Gaur egin dute aurkezpena, gaztelania hutsean. Alkatearekin batera, Miren Aierbe fundazioko kudeatzailea, Gorka Txapartegi sukaldaria eta Alberto Ustarroz eta Manuel Inigez arkitektuak eseri dira mahaian eta, haien parean, tokiko informazioa landu ohi duten kazetariak eseri dira.
Gaur aurkeztu dute Arma Plaza Fundazioak antolatutako Ondareen II. Foroa. Aitor Kerejeta alkateak azaldu duenez, Hondarribiko ondare arkitektonikoa eta ondare ukiezina landuko dute aurten. Arma Plaza Interpretazio Zentroan egin dute aurkezpena eta, alkatearen beraren proposamenez, “gaztelaniaz bakarrik” egin dute, “denok ez dakigulako euskaraz”. Kerejetarekin batera, Miren Aierbe fundazioko kudeatzailea, Gorka Txapartegi sukaldaria eta Alberto Ustarroz eta Manuel Inigez arkitektuak eseri dira mahaian eta, haien parean, tokiko informazioa landu ohi duten kazetariak.
Hilaren 17tik 29ra ospatuko dute Ondareen II. Foroa baina dagoeneko ari dira horretan lanean. Batetik, fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute eta, horri lotuta, unibertsitateko 3. graduko sei ikasle San Nikolas Baluartearen eta Madalenaren kuboaren zaharberritzea nola egin daitekeen aztertzen ari dira.
Eta bestetik, aurten gastronomiaren atala landuko dute lehen aldiz eta igandean hainbat sukaldari etorriko dira Kolonbiatik Hondarribira, eta Alameda, Jaizkibel eta Hondar jatetxeetan menu bereziak eskainiko dituzte 20tik 22ra; dagoeneko ari dira menu horiek lantzen.
Bihar argitaratuko dugu Ondareen II. Foroari buruzko informazio guztia.