"Logikak esaten dit azken fasetik kanpo geratuko garela, baina barruan gaude besteak bezala"
Espainiako Arte Eszenikoen Max Sarietarako hautagaietako bat da Kukai dantza taldea, Komunikazioa-Inkomunikazioa lanarekin. Interprete Maskulino Onenaren sarietarako dago izendatua Kukai. Jon Maia lanaren koreografoetakoak nabarmendu du oso ondo dagoela hor egotea.
Pozik al zaudete Max Sarietarako izendapenarekin?
Bai oso pozik. Gainera, sorpresaz izan zen. Entseguan ginen eta ez ginen gogoratzen egun horretan argitaratzen diren zerrendak. Bat-batean, hasi ginen mezuak eta deiak jasotzen. Ilusio handia egin zidan. Aurten hiru batzordeetatik pasatu dira, eta ehundik gora ikuskizunetatik hamar finalista aukeratu dituzte. Beraz, hor egotea oso ondo dago.
Interprete izendapena lortzea ere garrantzitsua izan da, taldea bera dagoelako izendatua. Hori asko identifikatzen da gure lanarekin, normalean, talde lana izaten da gurea, eta gehiago nabarmentzen da talde indibiduoak baino. Eta izendapena bera ere kolektiboa da.
Zergatik lortu du Kukaik izendapen hori?
Guk gure ohiko lana egin dugu. Egia da izendapena etorri dela Komunikazioa-Inkomunikazioa lanarengatik. Nik uste dut ikuskizuna oso osoa dela, eta laburbiltzen duela gure hamabi urteko ibilbidean egindako lana. Alde batetik dago Ttantakarekin egin dugun elkarlana (hau laugarren ikuskizuna da), hirugarrenarekin ere Max sari bat eskuratu genuen, eta bestetik, modu oso irekian koreografo anitzekin lanean aritzea, aktore eta performer ezberdinekin… hori dena koktelera batean sartuta dago, Laboaren unibertso horretan, eta uste dut horrek denak egin duela oso ikuskizun osoa eta berezia izatea. Interpreteak egia da oso ondo egiten dute: dantza egiten dute, aktuatzen dute eta gauza asko egiten dituzte. Interpreteak eurak ere heldutasun maila batean daude, eta hori ere islatzen da.
Izendapen horren barruan artista oso handiak daude. Zer itxaropen duzue?
Niri logikak esaten dit izen handiak ikusita, azken fase horretatik kanpo geratuko garela, baina hor gaude barruan, eta gu bezalaxe beste bederatzi daude. Itxaron egingo dugu, baina naturaltasun osoz: etortzen bada bikain, baita bestela ere.
Noiz jakingo duzue barruan zaudeten ala ez?
Hilabete bukaeran izango dela uste dut. Hortik hiru hautagai direla uste dut Max Sarietarako behin betiko hautagaiak.