Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi duenez, Jaizkibelen militarren eremuan tiro probak egiten ari zirela, bengalak jaurti eta horrek sutea eragin zezakeenaren zantzuak daude. Hori dela eta, aldundiak Espainiako Gobernuari exijitu dio militarren tiro eremua desagerrarazteko.
Astelehenean Jazkibelen sortu zen sutea, 11:00ak aldera. Guardia Zibilak berak deitu zuen SOS Deiak-era. Oihal batzuk erretzen ari zirela, sugarrak ezin kontrolatuta, sute bat zegoela jakinarazi zuten. Suhiltzaileak eta basozainak iritsi zirenean, guardia zibilek tiro frogak egiten jarraitu zuten. Sutea kontrolatzen saiatzen ari ziren pertsonen segurtasunerako arriskutsua izan zitekeela ikusita, aldundiak Espainiako Gobernuko Ordezkaritzara eta Intxaurrondoko koartelera deitu zuen, tiro probak bertan behera uzteko eskatzeko. Guardia zibilek probak gelditu zituen orduan, sutea itzali arte.
Sutea kalteak eragin zituen Pasaiako Amaoitz guneko landaretzan. 5,5 hektarea erre ziren.