Desobedientziarako deia berretsi du Pasaia Garbiak
“Era demokratiko eta baketsuan desobedientzia”. Horixe atez atekoaren kontrako Pasaiako plataformak zabaldu duen deialdia. Bide batez, Antxon atez atekoa indarrean ezarri zuten lehen egunean jazotakoak gaitzetsi dituzte, zintzilikarioak erre egin zituztela-eta ekintza errefusatuz.
Pasaia Garbia plataformak esker ona agertu die azken bi asteetan atez ateko sistemaren kontra mobilizazioak deitu dituzten “herritar anonimoei” zein mobilizazioetan parte hartu duten “ehunka herritarrei”. “Keinu ausarta” aitortzen diete mobilizazioen deitzaileei, eta “baldintzarik gabeko babesa” agertu diete orain arte burutu dituzten ekintza guztiei. Bide beretik, “ofizialki” agertu nahi izan dute mobilizazioetara batuko direla, eta, dei berezia luzatu diete antxotarrei, bihar 19:00etan Gure Zumardian egingo den manifestaziora batu daitezen.Alkateak atez atekoa ezarriko zutela iragarri zuenez geroztik egindakoen berri eman du plataformak. Atez ateko sistemaren kontra 4.247 sinadura bildu dituztela nabarmendu dute, eta baita balkoietan zakar poltsak zintzilikatzeko egin zuten deialdia gogoratu ere. Hala eta guztiz ere, “alkateak pasaitarren gehiengoaren nahiari bizkar ematen” jarraitzen duela salatu dute. Plataformak bosgarren edukiontziaren bidezko birziklatzea aldarrikatu du beste behin.